Zarauzko emakumeen taldeak bukatu du denboraldiaren lehen fasea Euskal Ligan. Iñaki Anso, emakumeen kirol zuzendariak, lehen bira honen azalpenak eskaini dizkio HITZAri. Azaldu duenez, hasiera gorabeheratsua izan da: “Zortzi izan dira iaztik taldea utzi dutenak eta harrobiko jende asko igo da, gazte asko dago eta taldea finkatzen ari da”. Horrez gain, azaldu du Angel Errastik hartu duela entrenatzaile kargua denboraldi honetan, eta taldea oraindik egonkortzen ari dela gaineratu du.
Denboraldiaren une honetan, lau dira irabazi dituzten partidak, hiru berdindutakoak, eta zortzi galdutakoak. Hamasei talde dira ligan, eta hamabigarren postuan kokatzen dira zarauztarrak Euskal Ligan. “Oso giro ona dute taldekideek, betikoen artean nahiz berriekin, eta asko hobetzen ari dira, hori da gure indargunea” azaldu du Alonsok. Bestalde, ahulguneez ere mintzatu da zuzendaria; “ez dago ia atezainik, eta abiadura eta aurrelari goleatzaileak falta zaizkigu taldean”.
Iazko denboraldia zapore gazi-gozoarekin bukatu zuen taldeak. Duela bi denboraldi mailaz jaitsi ziren eta aurrekoan ez zituzten helburuak bete; alegia, goialdean ibiltzea espero arren, sailkapenaren erdialdean bukatu zuten denboraldia. Horrela, aurtengo helburua sailkapena erdialdean bukatzea dela azaldu du zuzendariak; “horrekin konformatzen gara, nahikoa dugu”.
Gaur, larunbata, 16:30ean, Azkoitiko Anaitasuna taldearen kontra lehiatuko dira, Azkoitiko futbol zelaian. Kirol zuzendaria itxaropentsu agertu da: “Partida konplikatua da, baina lehen biran irabazi egin genien eta baikor mantentzen gara, gu beti goaz irabaztera”.
Gizonen taldea goiko postuei begira
Gizonezkoen lehen taldea Ohorezko Mailan ari da jokatzen eta azken denboraldia espero baino emaitza kaxkarragoekin bukatu bazuten ere, emaitza hobeak izan dituzte denboraldi berriko lehen bira honetan.
Iazko helburua lehen bost postuetan mantentzea finkatu zuten, baina bederatzigarren lekuan bukatu zuen denboraldia taldeak. Sasoi honetan, zazpi partida irabazi, bi berdindu eta beste zazpi galdu ondoren, hemezortzi talderen artean, zortzigarren postuan aurkitzen da taldea, bosgarren postutik hiru puntutara.
Gaur, larunbata, jokatuko dute mutilek Errenteriako Touring taldearen aurka, 15:45ean Zarauzko futbol zelaian.