Lau ikastaro berri eskainiko dituzte Jabetze Eskolan

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 11a, 09:00

Astelehen honetatik aurrera eman ahalko da izena Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailarekin harremanetan jarrita.

Parekidetasun Departamentuak Emakumeentzako Jabetze Eskolako egitaraua osatu du, eta otsailetik maiatzera bitartean lau ikastaro berri antolatu ditu. Guztiak otsailean hasiko dira eta udaberria bitartean iraungo dute, bat izan ezik. Emagin elkartearen eskutik, Ekin autodefentsa feministari tailerra egingo dute martxoaren 28an, larunbatarekin, euskaraz. Ikastaro honen matrikulak 10 euro balio du.

Idoia Telleriak eta Aran Erasunek Barrutik kanpora argazkitzen eskainiko dute asteartetan, otsailaren 4etik maiatzaren 5era, eta hau ere euskaraz izango da; matrikula 20 eurokoa izango da. Hurrengoko bi ikastaroak gaztelaniaz izango dira: bata, Cuidando nuestra salud emocional, Pepa Bojó psikologoarekin, asteazkenetan, otsailaren 5etik apirilaren 1era, eta bestea, Atrevete a ser tu misma klown tailerra, Lourdes Urbinaren eskutik, ostegunetan, otsailaren 6tik maiatzaren 14ra. Lehenak 20 euro balio du, eta bigarrenak 15 euro.

Ikasturte honetan jada bi ikastaro garatzen ari dira Jabetze Eskolan, bata batukadarena eta bestea arte terapiari buruzkoa, eta Parekidetasun departamentuak adierazi du "harrera ona" izan dutela. Momentuz , ohiko lekuan eskainiko dituzte ikastaroak, DYAren lokalean (Iturribide, 12-14), baina "behin Emakume Etxea irekitzen dutenean bertan egingo ditugu ikastaro guztiak".

Urtarrilaren 13tik 24ra eman daiteke izena ikastaro berrietan. Horretarako hainbat bide daude: Parekidetasun Departamentuko bloga, departamentuko bulegoetan (Zigordia kalea 33, 1. solairua), telefonoz (943-00 51 17) edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita. Plazak mugatuak dira eta Zarautzen bizi diren emakumeek izango dute lehentasuna.