Itxasmendi auzoan lanean dabiltza hondeamakinak azken egunetan, eta lan horien argazkiak publikatu ditu Xabier Txurruka alkateak sare sozialetan. Baita azalpen batzuk eman ere. Batetik, esan du parke publikoa egingo duela udalak Itxasmendi auzoko ipar-ekialdean.
Bestetik, zehaztu du autobideko bidesariaren parean egongo dela autokarabana eta karabanentzat aparkaleku publikoa. Aurrez, Udal Gobernuak HITZAri esana zion Aiziazpi kalean dagoen autokarabanen aparkalekua ez dela egokia aurrera begira, "zirkulazioa areagotuko delako". Horregatik jo dute beharrezko aparkalekua tokiz aldatzea. Proiektua Oina ingeniaritzari esleitu diote, eta egitasmoa zehaztutakoan emango dute informazio gehiago.
Bizilagun batzuk ez daude erabaki horrekin ados, eta sinadura bilketa abiatu zuten orain egun batzuk. Oposizioan dagoen EH Bilduk, berriz, eskatu du udalak auzotarrekin batera erabakitzea autokarabanen kokalekua, eta horretarako parte hartze dinamika bat zabaltzea. Hemen irakur daiteke EH Bilduren idatzia.
Debekuak aztertzen
Karabanen aparkalekuaren gaiari lotuta, Txurrukak sare sozialen bidez gaineratu du udalak aztertu egingo duela debekatu ala ez ibilgailu horiek herriko gainerako aparkalekuetan aparkatu ahal izatea.