HARA! Non daude Euskal Pizkundearen omenezko eserlekuak?

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 13a, 13:51
Euskal Pizkundearen omenezko eserlekuak lehen eta orain. (Hitza)

Torre Luzea parkean zeuden, Mazako lokalaren hormaren kontra, baina Turismo Bulego berriaren obrarekin hasi zirenean kendu egin zituzten.

Zarauzko Udalak Euskal Pizkunde garaiko kide Basarri, Landaburu eta Lizardi omendu nahian, 2011ko martxoan bi eserleku berezi jarri zituen parkean. Hiru zarauztarrek, beste hainbat kultur munduko pertsonaiarekin batera, errepublika garaian euskara eta euskararen alor kulturala sustatze aldera egindako lana aitortzea zuen helburu.

Anjel Lertxundi idazleak hiru erreferente haien omenez olerkiak egin zituen, eta eserlekuetan jarri zituzten idatzirik. Testuan, Euskal Pizkundea "euskararen inguruko kultur mugimendu biziena eta eraginkorrena" izan zela adierazi zuen Lertxundik.

Turismo Bulego berria abuztuaren 22an inauguratu zuten, eta obrak egiterakoan kendutako bi eserlekuak oraindik ez dituzte parkean jarri.