"Neskek ez zuten sinetsi ere egin saria irabazi zutenik"

Izaro Altzibar 2020ko urt. 14a, 16:00
Lizardi taldea Gipuzkoako txapelketako finalean (utzitakoa)

Lizardi institutuko boleibol jubenil taldeak emakumezko talde onenaren saria jasoko du ostegunean Kirol Sarien galan 2019ko denboraldiagatik.

Lizardiko emakumezkoen boleibol talde jubenila sarituko dute ostegunean Modelo aretoan, 19:00etan. 2019ko denboraldian lortutako garaipenak medio, Kirol Sarien epaimahaiak emakumezko talde onenaren saria ematea erabaki du.

Iazko denboraldian Gipuzkoako onenetan ibili zen Lizardiko taldea. Bigarren lekuan bukatu zuten ohiko liga, eta berdin sailkatu ziren irikiera txapelketan. Hondartzako txapelketan ere goialdeko postuetan mantentzea lortu zuten.

Fernando Urien Lizardi institutuko kirol zuzendariak HITZAri azaldu dionez, taldea oso gustura dago, eta espero ez zuten saria da hau. "Boleibola ez da plazara ateratzen den kirola, futbola bezala. Neskek ez zuten sinetsi ere egin saria irabazi zutenik" kontatu du.

Senior taldea sortu dute


Jasotako saria, 2019ko denboraldian lortutakoagatik da. Ikasturtea, baina, unibertsitatean zein goi mailako ikasketetan hasi dute taldekide ugarik, eta badira taldea utzi dutenak. Hala ere, asko dira institutua bukatu arren boleibolean jarraitu dutenak eta Senior talde bat osatu dute adin desberdinetako ikasle ohiek. Hamalau jokalari biltzen dira taldean eta Fernando Urienek entrenatzen ditu. Gipuzkoako Txapelketa jokatzen daude gaur egun, eta ilusioz jarraitzen dutela kontatu du Urienek.