Gorka Ostolaza eta Oier Arrondo, 'El Conquistador del Caribe' saioko lehiakide

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 14a, 09:35
Gorka Ostolaza eta Oier Arrondo. (El Conquistador del Caribe)

Guaragua taldeko partaideak izango dira biak reality lehiaketaren 16. edizioan

Atzo gauean hasi zen El Conquistador del Caribe telesaioaren edizio berria ETB2 katean. Bertan, aurtengo lehiaketaren dinamika eta funtzionamenduaren berri emateaz gain, taldeak eta taldekideak aurkeztu zituzten. Eta lehiakideen artean, bi gazte zarauztar daude: Gorka Ostolaza Ixku eta Oier Arrondo Pali.

Biak ala biak talde gorriko kideak izango dira, Guaragua taldekoak, eta 18 urte dituzte. Ostolaza zuzenbidea ikasten ari da, eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren jarraitzailea dela dio. Mendizalea eta 'pijoa', bien nahasketa bezala definitzen du bere burua.

Arrondo, berriz, mendiko gidari izateko ikasketak egiten ari da. Kastako mutila dela adierazi du, eta uste du giroa sortuko duela lehiaketan. Bestalde, argi utzi du ez dituela txorakeriarik jasaten.