Zarauzko pentsiodunek babes osoa eman diote urtarrilaren 30eko grebari

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 15a, 09:23

Asteleheneko mobilizazioaren ondoren erabaki zuten Gutun Sozialeko beste eragileekin batera greban eta mobilizazioetan parte hartzea

Urteko lehen manifestazioa eta elkarretaratzea egin zuten Zarauzko jubilatuek astelehenean, hilaren 13an. Bertan, besteak beste, bi urteko elkarretaratze eta mobilizazio etengabeak gogorarazi zituzten eta aldarrikapen "bidezkoak, arrazoizkoak eta gauzagarriak" eskatzen jarraitzen dutela adierazi zuten. Era berean, urtarrilaren 30eko greba orokorrari babes osoa ematea erabaki zuten.

Euskal Herriko Gutun Sozialen Kartak, sindikatuak, ikasle, gazte eta ekologia mugimenduak eta bazterketa sozialaren aurkako kolektiboak eta mugimendu feministaren atxikimendua du greba orokorraren deialdiak, eta horren inguruan eztabaidatu zuten. "Garbi geratu zen mobilizazio dei horretan, guztiok gaudela konprometituta, pentsio publiko duinak lortzeko helburua baitugu, bai eta bizi-baldintza eta soldata duinak eskuratzeko ere, soldatak eta pentsioak lotuta baitaude bai oraingo pentsioetan bai etorkizunekoetan", adierazi dute Zarauzko Pentsiodunen Asanbladako kideek.

Azkenik, bozketaren bidez erabaki zuten, eta gehiengo osoa grebari babesa ematearen alde agertu zen. "Beraz urtarrilaren 30eko Gutun Sozialeko beste eragileekin batera pentsiodunok ere greba eta mobilizazioetan parte hartuko dugu". 

Aldarriak gogora

Zarauzko Pentsiodunen Asanbladak, bidenabar, gogora ekarri ditu bere aldarriak: “Pentsio guztiei gutxienez KPI erreala berehala eta bermatuta igotzea urtez urte. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa. 2011ko eta 2013ko pentsioen erreformak indargabetzea. Pentsio eta soldatetan dagoen genero-arrakalaz amaitzea. Erretiro aurreratuetan, berrogei urte kotizazio izanda zigorrik ez izatea. Lanbide arteko Gutxieneko Soldata, 1.200 eurokoa. 2010eko eta 2012ko lan-erreformak indargabetzea. %100eko alarguntza-pentsioa. Pentsio-plan pribatuen eta BGAEen zerga-onurak arbuiatzea. Mendekotasunaren edo dependentzia arretarako sare publiko bat garatzea, unibertsala, aurrekontu publikoekin eta koordainketarik gabe ordaindua".