Espainiako eskubaloi selekzioarekin deitu dituzte Zarauzko beste bost jokalari ere

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 16a, 08:47
(rfebm.com)

Emakumezkoen zerrenden berri aurreko asean eman zuen, eta aste honetan jakinarazi ditu Espainiako Eskubaloi Federazioak gizonezko kadete eta jubeniletan goi mailako errendimendu zentrora joatera deitutako jokalariak. Horien artean daude bost zarauztar.

Manex Kalegain, Unai Vallejo eta Ekaitz Etxabe kadeteak eta Jon Etxebarria eta Unax Aranburu jubenilak aukeratu ditu Espainiako Eskubaloi Federazioak, Granadanko (Espainia) goi mailako errendimendu zentrora joateko. Beste hainbat jokalarirekin batera, han egongo dira kontzentratuta; jubenilak otsailaren 25etik martxoaren 3ra eta kadeteak otsailaren 12tik 19ra. Bost gizonezkoetatik, Kalegainek Etxabek dute esperientzia Espainiako selekzioarekin; gainontzeko hirurak estreinakoz deitu dituzte.

Ugazi Manterola jubenilak, berriz, urtarrilaren 23tik 29ra izango ditu goi mailako entrenamenduak. Manterolarentzat ere ez da selekzioarekin ariko den lehen aldia izango. 

Ohikoa da Zarauzko Eskubaloi Elkartearentzat Espainiako selekzioarekin aritzea bertako jokalariren bat edo beste, baina oraingoan kopurua ohi baino handiagoa da. Harrobiko taldeetako sei jokalari hautatu dituzte, eta albistearekin "oso gustura" daudela adierazi du Inma Saenz de Santamaria elkarteko arduradunak. "Plazer bat da horrelako jokalariak izatea", gehitu du.