"Pilota oso kirol egokitua da". Zarautz Kirol Elkarteko pilota ataleko arduradun Juan Miguel Zubirik (Arano, 1953) ez du zalantzarik. Dozena bat urte darama pilota inklusiboa lantzen, eta duela lau urte eskatu zion Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioari laguntza entrenatzaile berezitu bat; "nolabait ere, jende teknikoago eta prestatuago bat, beste ekarpen bat egin zezan entrenamenduei".
Horrela hasi zen Maddalen Cardenasen (Usurbil, 1991) jarduna aniztasun funtzionala duten ZKEko pilotariekin. "Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko langilea naiz. Zarautzen, palaz aparte, eskubaloi egokitua, igeriketa egokitua, multikirola eta entrenamendu funtzionalak ditugu. Dibertsitate handia dugu, ekintza ezberdin asko, eta horien artean dago palako talde hau".
Gaur arratsaldean, 2019ko Kirol Sarien ekitaldian, entrenatzaile onenaren saria jasoko du bikoteak; Modelo aretoan izango da, 19:00etan hasita. Cardenasek kalean jakin zuen saritua izan zela, jendeak zoriondu zuenean. "Herrian presentzia pixka bat izan du sariak, eta horrek ezagutzera eman du talde hau. Alde horretatik pozik gaude, isilpean egiten dugun lan bat delako, eta polita bezain beharrezkoa da herri guztiak ikustea zer egiten dugun. Alegia, aniztasun funtzionala dutenek ere kirola egiten dutela, palan aritzen direla", azaldu du entrenatzaileak. Zubirik bat egin du adiskidearen adierazpenarekin,eta aitortza ongietorria dela gaineratu du.
"Lehenengo ikurra"
Egoera nahiko goibela zela eta, pilota indartzeko bultzada bat egin zuen ZKEk duela hamabi bat urte. Pilota ataleko arduradunak gogora ekarri duenez, Manu Urbieta eta Pablo Etxeberria aritu ziren gehienbat hori lantzen. "Ni pilotarekin buru-belarri aritzen nintzenez, bete-betean murgildu nintzen egitasmoan". Zubirik betidanik izan du pilotarako grina, eta jendeari nola jokatu irakasteari ekin zion. Urteak pasatzen joan ahala, sekulako harremana sortu da beraien artean, eta denetariko bizipenak izan dituzte elkarrekin. "Hori guztia norberak bakarrik eramatea nekeza zela eta, laguntza behar nuela ikusi nuen. Horrela, kirol egokituko federazioarekin harremanetan jarrita, Maddalen hasi zen gurera etortzen".
Zarautz aitzindarietako bat izan da pilota egokituari dagokionean. "Lehenengo ikurra" izan daitekeela dio Zubirik: "Urteak pasatzen ziren, eta guk bakarrik jarraitzen genuen. Baina pixkanaka-pixkanaka federazioak eta beste arlo batzuk —administrazio publikoak berak eta klubek— bultzatuta, dibertsitate funtzionala duten pertsonekin nola lan egin aztertu dute eta lan egin dute".
Cardenasek kontatu du beste eskualde batzuetan ere lantzen dutela pilota inklusiboa baina Zarautzekin duten aldea handia dela: "Hemen udalak apustu handia egiten du. Dirua jartzen du, erremintak eskaintzen ditu eta bertako biztanleak ere aktiboa dira zentzu horretan, beti laguntzeko jarrerarekin. Beste herri edo eskualde batzuetan hori ez da horren nabaria, nire ustez".
Talde egonkorra osatu dute, baina kideen joan-etorriak izan dituzte urte hauetan guztietan, kiroletik aparte badirelako beste lotura batzuk, psikologikoak eta pertsonalak. «Hainbeste gauza gertatzen joan dira urte hauetan... Esaterako, batzuk oso ongi zeuden taldean, baina zuriz jantzi eta txapelketa bat jokatzera irten, eta ezinean geratu dira», jakinarazi du ZKEko pilota ataleko arduradunak. Istorio ezberdinak bizi izan dituzte taldean, baita bajak ere, dituzten arrazoi horiek direla medio. «Argi dago lan egin daitekeela dibertsitate funtzionala duen jendearekin eta horrek suposatzen duela alaitasuna nahiz poza, baina baita bere lanak, nekeak eta abar ere».
Cardenasek azpimarratu du pilotariek eta beraien familiek asko eskertzen dietela haiekin egiten duten lana. «Horrek asko errazten du gure egitekoa». Horrekin lotuta, Zubirirentzat ez da berezia aniztasun funtzionala duen jendearekin lan egitea, kanpotik ikusita hala dirudien arren. «Nire egunerokoaren barruan dago, normaltasunaren parte da eta guztiz onuragarria pertsonarentzat».
Errutina lagungarri
Ostegunetan egiten dute entrenamendu saioa, 18:00etatik 19:30era, Zinema pilotalekuan (Gaztelekuan), eta pilotariek ez dute hutsik egiten hitzordura. Norbere paletarekin eta pilotekin agertzen dira, lagunarte giroan, erdi txantxetan ere bai. "Adibidez, talde honetan dugun profilarekin, asko laguntzen die errutinak. Aldaketa txikitxo batzuk egiten ditugu, baina saiatzen gara aldaketa horiek minimoak izaten. Bestela, asko izaten da beraientzat, laguntza baino, zailtasun handia eragiten baitie", argudiatu du pilota egokituko entrenatzaileak.
Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioarekin elkarlanean, denboraldian zehar hainbat topaketa egiten dituzte herriz herri, eta, horrela, elkar ezagutu eta kirolari esker ongi pasatzen dute; Zarautzen, esaterako, Euskal Astearen barruan antolatzen dute jaialdia. Bestalde, Gipuzkoako txapelketak ere antolatzen ditu federazioak, eta Zarauzko taldeak txapela dezente erdietsi ditu bere ibilbidean.
"Txapelketak dira, nolabait esateko, pilotari hauek gehien aztoratzen dituztenak. Horrek sorrarazten die zalantza gehien, errutinatik ateratzen direlako", zehaztu du Zubirik. Cardenasek, berriz, dio denek ez dutela hori kudeatzeko barne tresnarik. Beraz, Zarauzko taldeko batzuek ez dute lehian parte hartzen. "Topaketetan parte hartzera denak daude gonbidatuta, baina txapelketetarako gurasoak arduradun egin behar direnez, bada jokalari batzuk ez dira lehian aritzen, dela gaitasunengatik, dela arauak ulertzen ez dituztelako edo ez dutelako beraien burua ongi kudeatzen halako ekitaldi batean".
Txapelketak gertu direnean, proba horietarako entrenamendu saioak egiten dituztela azaldu du Cardenasek, batez ere, irabaztea edo galtzea ongi kudeatu dezaten. Baina, oro har, denek parte hartzeko moduko prestaketa saioak egiten dituzte denboraldi osoan zehar.
Aita bat bezala
Askotan beraien aita izango balitz bezala sentitu izan dela eta hala izatera behartu izan dutela aitortu du Zubirik: "Gogoan dut hemen [Zinema frontoian] hasi ginenean iseka egiten zigutela beste geletan jolasten aritzen zirenek. Arazoak izaten genituen horiekin. Ez zituzten kirolari bezala ikusten. Urteak pasatu dira, eta, alde horretatik, gauzak aldatu dira".
Taldean dabiltzan pilotari gehienak hasieratik ezagutzen dituela gaineratu du: "Eta jakina, bihotzaren zati bat hartzen dizute". Nabarmendu du berarentzat ez dela lan bat, «gustuko harreman eta ardura bat baizik». Konpromiso hori ahalik eta hobekien aurrera eramaten saiatu da. "Erronka bat bezala hartu nuen hasieratik, baina baita betidanik pilotazale izan naizenez, hori transmititzeko helburuarekin ere; hau da, nola jokatu behar den, txapelketetan nola lehiatu behar den irakasteko eta partidetan laguntzeko xedearekin".
Talde hau oinarri hartuta, gazteagoek osatutako hastapen talde bat ere sortu du Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak Zarautzen; 15-19 urte bitarteko bost lagunek osatzen dute. "Harrobia badago, eta hurrengo pausoa talde honetara jauzi egitea izango da", aurreratu du Cardenasek.