Itxasmendiko saskibaloi eta tenis kantxa ondoko makalak kenduko dituzte

Izaro Altzibar 2020ko urt. 16a, 14:14
Auzo elkarteko kideak, Patxi Elola eta Iban San Martin, gaur goizeko prentsaurrekoan. (Izaro Altzibar)

Abenduaren 20ko haizeteak bi makal eraitsi ondoren, udalak gainontzeko zazpiak botatzea erabaki du. Horien, ordez, udareondoak landatzeko asmoa du.

Urtearen amaieran, joan den abenduaren 20an, haizete bortitzak Itxasmendi auzoko bi makal eraitsi zituen. Saskibaloi kantxaren ondoan zeuden zuhaitzak, eta orain, ilara berdinean dauden –A-8 autobidearekin muga egiten duen hormaren ondoan dauden– gainontzeko zazpi makalak botatzea erabaki du udalak.

Patxi Elola Lorezaintza zinegotziak adierazi du, zuhaitz hauek egoera osasuntsua eta egonkorra erakusten badute ere, abenduan eroritako zuhaitzen sustraiak ez zeudela egoera onean. Gehitu du, epe laburreko zuhaitzak direla eta egur biguna izatean, erortzeko arrisku handia dutela haizeteetan. Gainera, 20-25 metroko altuera dutela ikusirik, eta aparkaleku eta kirolgunearen ertzean daudela kontuan hartuta, "arriskua eta segurtasunaren mesedetan, botatzea erabaki dugu", adierazi du Elolak.

Lanak datorren astean hasiko direla aurreikusten dute, eta astebeteko epean bukatzea espero dute Elai enpresaren eskutik, "ezustekorik ez bada eta eguraldiaren baldintzapean betiere". Makalen lekuan, udareondoak landatuko dituzte ziurrenik. "Hazkunde era iraupen egokia du zuhaitz onek, loraldi polita gainera, eta apenas hostorik ez botatzea mesedegarri da kirol gunearen arrisku eta garbitasunerako", adierazi du Lorezaintza zinegotziak.

Auzo elkarteko kide Enrique Acuña eta Leopoldo Torres alderdi guztietan erabat ados azaldu dira udalaren erabakiarekin.

Iban San Martin Obretako zinegotziak gehitu du saskibaloi kantxa eta ingurua itxita egongo direla lanek irauten duten bitartean, eta, bide batez, jakitera eman du teniseko pistak inguratzen dituen sarea berritzen ari direla.