Baliabide-interesak eta haien ondorio latzak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urt. 17a, 08:56
Imanol Lizartza. (Amaia Urbieta Arruti)

Azken asteetan etengabe agertu da prentsan Iran eta AEBen arteko gatazka. Imanol Lizartza Zarauzko bizilagunak lurralde pertsiarra ondo ezagutzeko aukera izan du, eta hango egoera izan du hizpide.

Nabarmen igo da azken asteetan Ameriketako Estatu Batuen eta Iranen arteko tentsioa. AEBetako armadak Qasem Soleimani Irango bigarren lider garrantzitsuena hil zuen igaro urtarrilaren 3an, eta kolpe horrek bide eman du aspalditik zetorren soka luzeari jarraipena emateko. 

Lan kontuengatik sarri bidaiatu du Imanol Lizartzak (Donostia, 1963) Iranera, eta atxikimendu berezia sentitzen du lurralde horrekiko. Hango gizartea oso "polarizatua" dago Zarauzko bizilagunaren esanetan. "Batzuk erregimenaren alde daude eta beste batzuk ez. Soleimanik lortu du, batetik Sirian eta, neurri handi batean, Iraken, ISIS garaitzea, eta Iraneko mugak mantentzea", azaldu du. Horrek azal dezake jendeak beraien heroia hil izana sentitzea, baina, Lizartzaren esanetan, beste batzuek "oinarrizko eskubideen errepresoretzat" zuten Soleimani, Guardia Nazionaleko generala zelako. "Azaroan 1.000 pertsona hil zituen Guardia Nazionalak kalean, eta horren atzean Soleimani zegoen". 

Liderraren hilketaren ostean, Iranek bi misil jaurti zituen AEBen Irakeko base militarren aurka. Egun berean, "giza akats" bat dela eta, hegazkinean zihoazen 176 pertsona hil ziren Iranen, euren misil batek hegazkina eraitsi ondoren. Iranen gerra izua "benetakoa" izan zela dio Lizartzak, eta uste du horrek azal dezakeela giza akats hori. 


"Petrolioaren maldizioa"

Oso lurralde txiroa zen Iran XX. mendera arte, eta halako batean, "petrolioaren maldizioa" heldu zen hara. "Gerta daitekeen gauzarik txarrena da lurralde batentzat petrolioa aurkitzea, harrapakari guztiak hurbiltzen direlako eta bertakoei azkar aberasteko gogoa sartzen zaielako". Munduko potentzia bihurtzeko nahi horretan, "erosketa eroak" egiten hasi zen Iran (tankeak, armak...). Horrek atzetik atzeraldi ekonomiko latza ekarri zuen eta inflazioa izugarri igo zen. "Baldintza ekonomiko horiek oso zailak dira gizartean eramaten. Erregimena bera ere beldurtu egin zen, ikusten zutelako langile publikoei ordaindu ezean herritarrak altxatuko zitzaizkiela. Egoera horretan, dirua nonbaitetik atera behar zela eta, gasolinaren prezioa hirukoiztu edo laukoiztu egin zuten; jendea kalera atera zen horren aurkako protestetara, eta horrek eragin zituen azaroko 1.000 hildakoak".
 
Gertakari horien aurrean, irandarrak izua sentitzetik lotsa sentitzera eta lotsa sentitzetik haserre egotera igaro dira. "Gobernua gezurretan ibili da, eta hori ez dute onartzen hango gizartean", ez baitzuen gobernuak lehen unetik onartu hainbeste hildako eragin zituen hegazkina misil batek eraitsi zuela. 


Baliabideen gerra


Lizartzak uste du denboraren poderioz tentsioa jaitsi eta akordioren batera iritsiko direla. Zurrumurruak zabaldu badira ere, ez du ikusten Mundu Gerra pizteko arriskurik. "Azkenean, baliabideak dira helburua. Gerra guztien atzean daude horiek, eta Iran ez da salbuespena. Tentsioa igotzearen arrazoia ez da ez erlijioa, ez kultur ezberdintasuna, ez han emakumea zapalduago egotea. Iran baliabideetan oso aberatsa da, eta beti egongo da tentsio hori. Persiar golkoko monarkiek Iran beti deabrutzat hartuko dute, eta alderantziz". Garbi dauka "zigortuenak" beti direla baliabide aberatsak dituzten baina izatez txiroak diren herrialdeak.

Erlazionatuak