Herritarren Arreta Zerbitzuak 2016ko maiatzean ireki zituen bulegoak, eta bertaratutako herritarren kopuruak gora egin du urtez urte: lehen urtean 16.395 laguni egin zitzaien harrera; 2017an, 21.068ri; eta 2018an, 28.814ri. Iaz lortu zen arreta-kopuru gehien, urtearen amaieran ia 30.000 arreta egin baitziren. Azken datuen arabera, 100.000 kudeaketa inguru egin ditu herritarrei zuzendutako zerbitzu honek.
Kopuruez gain, "zerbitzuaren kalitatea eta herritarren artean izan duen onarpenari" eman dio garrantzia udalak: "Zarauzko edozein bizilagunek, eta batzuetan beste herri batzuetakoek ere, beti izaten du harrera ona bere izapideak egiteko". Jakitera eman duenez, arreta gehienak 09:30etik 13:30era egiten dira (%80a). Eskatzaileen %75ek baino gehiagok lau minutu baino gutxiago itxaron behar izan dute arreta jaso aurretik (%84k sei minututik behera).
Aldaketa batzuk
Aurten zenbait aldaketa egingo dituzte HAZek eskaintzen dituen zerbitzuetan. Mugi txartelaren kudeaketak Zarauzko itunpeko ikastetxeetara bideratu dituzte, eta, era berean, hiri-hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten gaietarako arreta birdiseinatuko dute laster. Kudeaketa hori Urola Kostako Udal Elkarteari laga zitzaion duela bi urte.
Aste honetatik aurrera, TAO zerbitzuarekin lotutako kudeaketa guztiak GERTEK enpresak Zarautzen duen bulegoan egingo dira (Urdaneta kalea, 5. zenbakia).
"HAZeko taldeak eskaintzen duen zerbitzuak berebiziko garrantzia du Udalarentzat, herritarrekiko lotura eta kudeaketa hobetzeko puntuak hobekien identifika ditzaketenak dira. Badakit herri askorentzat eredu garela, gure taldea ematen ari den arretari eta emaitzari dagokionez. Udal Gobernuaren asmoa ahalik eta laguntza handiena eskaintzea da, zarauztarren arreta hobetzen jarraitzeko", azaldu du Iker Basurko HAZeko zinegotzi arduradunak.