"Musikarik gabe ezin dut ez lanik egin, ez bizi eta ez ezer". Horrela mintzo da J. A. Areta Goñi Juxe argazkilaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1968) musikari buruz. Juxe goitizenez sinatzen ditu bere argazkiak, eta bi hamarkada pasatxo daramatza musikaren munduaren printza ugariak «kamera zahar» baten bitartez harrapatzen. Zu barik eztau izena du haren erakusketa berriak: Zarauzko (Gipuzkoa) Photomuseum museoan dago. Asteartean inauguratu zuten, eta otsailaren 23ra arte egongo da ikusgai.
Musikaren eskutik ikasi zuen argazkiak ateratzen: "26 edo 27 urte daramatzat horretan lanean. Gazte nintzela hasi nintzen, baina iritsi zen momentu bat hori guztia erretratatu nahi izan nuena. Beti izan dut argi erretratuak egin nahi nituela". Hala, kontzertuetan sortutako uneak harrapatzetik erretratuak egiten ditu orain. Azkenengo hamar urteetan eginiko hainbat erretratu biltzen ditu erakusketa berriak: 60 bat, gutxi gorabehera. Argazkilariak esan duenez, ez da musikariei buruzko erakusketa bat: "Margolariak, antzezleak, soinu eta argi teknikari zenbait, kontzertuetan lehenengo ilaran dagoen jendea, lagunak... guztiak biltzen ditu. Musikari dezente agertzen da, baina helburua ez da izan musikarien erakusketa bat egitea".
Erretratatu dituen pertsona horiei guztiei egiten die keinu izenburuak: "Agertzen den jende guztiari eskerrak ematea izan da izenburuaren helburu bat. Gero, fonetikoki zein esanahi aldetik indar asko duela iruditu zait". Orain arte egin dituen lanetatik «pertsonalena» dela aitortu du, erretratu bat egitea bere horretan ere "zerbait pertsonala" delako.