Iritzia: 'Zarauzko Itxasmendiko karabana aparkalekua'

Arkamurka Zarauzko Natura Elkartea 2020ko urt. 18a, 12:00
Itxasmendi auzoa eraki nahi duten aparkalekuko eremua. (Aritz Mutiozabal)

Azken hilabetean, Itxasmendiko herritarren aldetik lehenik, eta, gero, egunkarietatik (ez udaletik) Arkamurka Elkarteak jakin du Zarauzko Udalak karabanentzako aparkalekua egin nahi duela Itxasmendin. Dagoeneko makinak egin dute beren lehen lana. Arkamurkaren iritzia ere eskatu zaigunez, hemen ematera goaz.

1.- Ezer baino lehen, Zarauzko hirigintzari buruz Arkamurkak duen iritzia da ez litzatekeela etxegintza edo zerbitzuetarako lur berririk urbanizatu behar, gutxienez Salberdin eta Hegoaldeko eremuak erabat okupatu arte (Zuhurtasun-printzipioa). Beraz, Itxasmendi, Irita, Asti, Eguzki-Izar eta Kortazarreko lurrak eraiki gabe uztearen alde da Arkamurka. Kezka handiz ikusten ditu, baita ere, Frantseskua, Abendaño eta Errotaberrin egiten ari diren lur-mugimendu eta mendi-mozketak.

2.- Arkamurkak uste du karabanentzako nahikoa leku balegokeela Asti aldeko kirolgune ondotik pasatzen autobide azpian. Hor badaude ur-azpiegiturak eta bestelako beharrak asetzeko baldintzak.

3.- Itxamendiko etxeetatik autobide-irteera arteko eremu osoa izan bedi auzo-parke berde ibilgarria (Iritan naturalizatu den eremuaren jarraipen gisa), auzoak ez du eta berdegunerik.

4.- Arkamurka ez da fidatzen “behin-behinekoa” izango delakoarekin. Hor dago Itxasmendin behin-behinean haurtzaindegiaren ondoan antolatu zen auto-aparkalekua. Aparkaleku hori ere kentzearen aldekoa da Arkamurka.

5.- Begi onez ikusten du Iritan Iñurritzako kanalizazioa hautsi eta egin den lur-kentzea. Arkamurkak nahiko luke Iritan Asti errekaren ezker-eskuineko lurrak ere era berean kentzea autobide-irteera eta bide gorrira arte.

Erlazionatuak

Autokarabanen kokapenaz

Aritz Mutiozabal 2020 urt 08 Zarautz