Ondorengotzaren inguruko prestakuntza eta aholkularitza eskainiko die UKUEk eskualdeko enpresa txikiei

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 19a, 13:00

Eskualdeko enpresa eta negozioak ixtea ekidin nahi dute, aberastasun eta enplegu galerak saihesteko. 

UKUE Urola Kostako Udal Elkarteko Enpresentzako Zerbitzuen barruan, ondorengotza gaiaren alorrean prestakuntza eta banakako aholkularitza abiatuko dute datozen hilabeteetan. Eskualdeko enpresa eta negozioak ixtea ekidin nahi dute, aberastasun eta enplegu galerak saihesteko. 

Eskualdeko enpresei ondorengotzari buruzko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzera dator ekimena. Horrez gain, jubilazioari dagokion araudia ezagutuko dute: erretiro adina, kotizazioak, prestazioak, jubilazio aktiboa eta aurre-jubilazioa. Ondorengotza kasuetan kontuan hartu beharreko alderdiak ere ezagutuko dituzte, baita prozesu horiek planifikatzeko kontuan hartu beharreko ezagutzetan sakontzen ikasi ere.

Bi talde prestakuntza eskainiko dituzte. Hilaren 29an izango da lehena, 9:30ean UKUEren egoitza nagusian, eta otsailaren 5ean bigarrena, ordu eta leku berean. 

Ondoren, banakako tutoretza saioak egingo dituzte, bi fasetan. Lehenbizi, enpresa bakoitzaren ondorengotza aukerak aztertuko dituzte, eta, gero, enpresen balorazio ekonomikoa, azterketa juridikoa eta aholkularitza landuko dituzte. 

Enpresa txikien jabeek edota eskualdatze prozesuan murgilduta dauden eskualdeko ekintzaileek hartu ahal izango dute parte. Informazio gehiago jasotzeko, edota ekimenean izena emateko, idatzi mezua ienpresa@urolakosta.eus helbidera edo deitu 943-89 08 08 telefono zenbakira.