Sagardo Eguna izango da igande honetan

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 20a, 15:28
Musika Plazan ospatu zuten Sagardo Eguna iaz. (Amaia Urbieta Arruti)

Hilaren 26an, igande honetan, ospatuko da Sagardo Eguna Lege Zaharren enparantzan. Aurten bederatzi sagardogile izango dira bertan, eta ohi bezala, sagardoaz gain, idi-txuleta pintxoak ere izango dira, baita haurrentzako txokoa ere.

Sagardoa eta jai giroa eskutik helduta doazenez, festa eginez ospatuko da igande honetan Sagardo Eguna. 12:00etatik aurrera, bederatzi ekoizleren sagardoa dastatzeko aukera izango da Lege Zaharren Enparantzan: Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Lizeaga (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Saizar (Usurbil), Satxota (Aia), Urdaira (Usurbil) eta Ordo Zelai (Oiartzun). Baserria Okm-ren eskutik, berriz, idi-txuleta pintxoak izango dira, hiru euroan.

Aurtengoan Mari Luz Osa Euromar kafetegiko arduraduna omenduko du Zurekin Ostalarien Elkarteak. 12:00etan egingo diote aitortza eta, jarraian, Motxian bertso-eskolako kideek saio labur bat eskainiko dute. Goizeko Ihintza taldeko txistulariek ere girotuko dute plaza, eta hainbat taberna eta jatetxetan Toldotxotx! eskaintza berezia izango da egun horretan. Lau euroren truke, sagardo tragoa eta Toldotxo pintxoa eskuratu ahal izango dira Euskalduna, Iruña, Itxas-Lur, Itsaski, Salegi eta Karlos Arguiñanon. Haurrentzako txoko berezia ere egongo dela jakinarazi dute antolatzaileek.