Aritzbatalde plazako lokal batean egokitu du udalak neguko aterpe zerbitzua

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urt. 21a, 08:30
Hotzari aurre egiteko udalak prestatutako aterpea. (@XabiTxurruka)

Zerbitzu "oso xumea" da, Jesus Arana Gizarte Politika zinegotziaren esanetan. Hotzaren aurkako protokoloaren barruan, gaurik hotzenetan soilik izango da martxan.

Xabier Txurruka alkateak bere sare sozialen bidez eman zuen albistearen berri igandean.  Zarauzko Udalak neguko "gau hotzetan" aterpe beharra dutenentzako babes zerbitzua eskainiko du aurten, hotzaren protokoloaren barruan. Udalaren Gizarte Zerbitzuek sustatutako zerbitzua da, eta alkatearen arabera, Udaltzaingoa arduratuko da koordinatzeaz; Aritzbatalde plazako 7. zenbakian dago egokitu duten egoitza. 

Iazko negura arte Monte Albertia ikastetxearen ondoan zegoen Etxe Txikia egokitzen zuten neguko aterpe zerbitzua eskaintzeko, baina aurreko neguan eraikin hori Gipuzkoako Foru Aldundiari doantzan laga zioten, eta beste erabilera bat ematen diote orain; hori dela eta, Zarautzen eta Urola Kosta osoan ez zen etxegabeentzako aterpe zerbitzurik izan. Jesus Arana Gizarte Politika zinegotziak azaldu du egokitu duten gunea urruti dagoela Neguetxeren antzeko proiektua izatetik: "Hotzaren protokoloan txertatutako gunea da hau, baina oso zerbitzu xumea da".

Hotzaren protokoloaren barruan, herriko udaltzainek gauetako erronda egiten dutenean "arreta berezia" jarriko dute gaurik hotzenetan. 4 gradutik beherako tenperatura dagoen egunetan, norbait kalean lotan ikusten badute udalaren Gizarte Zerbitzuek eskaintzen dituzten baliabideen berri ematen diete. 

Kasu horretan, pertsona horrek nahiko balu, Aritzbataldeko egoitzan gaua pasatzeko aukera izango luke. Zabalduko duten egunetan, 21:00etatik 09:00etara, lau ohe eta zaintzaile bat izango dira egoitzan. Horrez gain, jateko eta edateko zerbait ere eskainiko diete zerbitzuaren erabiltzaileei. Igandetik astelehenera bitarteko gauean eta bart eman dute zerbitzua, gauean izandako tenperatura hotzengatik. Gizarte Politika zinegotziak jakinarazi duenez, aste honetan ez dute gau gehiagotan zabaltzea aurreikusten.

Zarautzen neurri hau hartu badute ere, Aranak gogoan du, mapa sozialari jarraiki, zerbitzuak urte osokoa eta integralagoa izan behar duela. "Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi bezala, eskualde mailan helburu hori lortzeko lanean ari gara".