Sortzeko nahi beste aukera

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 21a, 16:20
Martxoaren 8ko kartel lehiaketaren erakusketa. (Hitza)

Urte hasierarekin batera, Zarautzen hiru kartel lehiaketa jarri dituzte martxan: Inauterietakoa, Emakumeen Nazioarteko Egunekoa eta Garagardo Azokakoa. Sortzaileek badute nahi adina aukera.

Inauterietako Kartel Lehiaketa


Inauterietako Kartel Lehiaketa antolatu dute Zarauzko Udalak eta Euskalduna tabernak.  Kartelak A3 formatu fisikoan edo TIFF, JPG edo PDF formatu digitaletan aurkeztu daitezke,  gehienez ere bi lan. Horiek originalak izan beharko dute; norberak sortuak eta aurretik argitaratu gabeak, alegia. Urtero bezala, lehiaketan saritutako kartelak 2020ko Inauteriak iragartzeko erabiliko dituzte.

Parte hartzaileek Euskalduna tabernan edo Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dituzte beren lanak urtarrilaren 27a bitartean. Epaimahaiak bi kartel onenak aukeratuko ditu. Irabazleak 300 euro eskuratuko ditu, eta bigarrenak, 100 euro. Hirugarren sari bat ere izango da, hain zuzen ere, herritarrek gehien bozkatutako kartelak irabaziko duena. Azken horren saria bi pertsonentzako afaria izango da. 

Publikoaren bozketa sare sozialen bidez egingo da: urtarrilaren 29an igoko dituzte Facebook atarira eta bertan eman beharko zaio botoa. Otsailaren 5ko 12:00ak arte egongo da aukera kartelei Atsegin dut emateko.

Horrez gain, aurkeztutako lan guztiekin erakusketa bat antolatuko dute Euskalduna tabernan bertan. Informazio gehiago nahi duenak eskuragarri izango duenak Zarauzko Turismo Bulegoan (Jaiak eta Ekitaldiak Departamentuan) edo, bestela, jaiak@zarautz.eus helbide elektronikora idatzi dezake.


Emakumeen Nazioarteko Eguneko Kartel Lehiaketa

Udaleko Parekidetasun Departamentuak, era berean, Emakumeen Nazioarteko Eguneko XII. Kartel Lehiaketa antolatu du. Ikuspegia edozein izanda ere, kartelen gaiak zerikusia izango du Martxoaren 8arekin, eta ezinbestean eraman beharko du ondorengo testua: 2020 martxoaren 8a - Emakumeen Nazioarteko Eguna.

Ordenagailuz eginiko lanak aurkeztu beharko dira  berdintasuna @euskara.eus helbidera. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 24ko 14:00etan amaituko da. Lehiaketaren oinarriak Parekidetasun Sailaren berdintasunazarautz.wordpress.com blogetik deskargatu daitezke, edo bulegoan eskatu (Zigordia kalea, 33 - 943-00 51 17).

Bi sari banatuko dituzte: batetik, epaimahaiak emandako 400 euroko saria; eta bestetik, jendearen botoen bidez egokitutako 200 euroko saria. Hain justu ere, lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Parekidetasun Departamentuaren Facebook atarira igoko dituzte, eta erabiltzaileek otsailaren 4tik 7ra Atsegin dut klikatuz beraien botoa eman ahalko dute.

Lehiaketara aurkeztutako kartelekin erakusketa bat egingo dute Torre Luzean, martxoaren 12tik 29ra.


Garagardo Azokako Kartel Lehiaketa


Zarautz Rugby taldeak beste urte batez antolatuko du Garagardo Azoka, eta horrekin batera, kartel lehiaketa. Parte hartzaileek otsailaren 7ra arte aurkeztu ahal izango dituzte lanak.

Apirilaren 8tik 13ra ospatuko dute XX. Garagado Azoka Munoan, eta antolatzaileek hori iragartzeko erabiliko dute kartel irabazlea. Lanak Zarauzko kirol elkarteko bulegoan aurkeztu beharko dira, eta parte hartzaile bakoitzak ezingo ditu bi lan baino gehiago aurkeztu. 

Azokan dastatzeko aukera izango diren garagardo ezberdinen logoak itsatsi beharko dira lanetan. Logo horiek www.zarautzrugby.com/garagardoazoka webgunean izango dira eskuragarri, edo ​info@zarautzrugby.com​ helbidera eskatu ahal izango dira. Sari bakarra izango da, eta irabazleak 300 euro eskuratuko ditu