Aske utzi dituzte Antton Lopez 'Kubati' eta beste hiru atxilotuak

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 22a, 09:26
Kubati, artxiboko irudian

Kalera Kalera dinamikako bozeramailea da Zarauzko bizilaguna, eta etxean atxilotu dute gaur goizean. Beste hiru lagun ere preso hartu dituzte Agurainen, Gernikan eta Lizartzan. Ia ehun harrera ekitaldi antolatzea leporatzen diete lau atxilotuei.

Guardia Zibilak Antton Lopez, Kubati atxilotu du gaur goizean bere etxean, Zarautzen. Kalera Kalera euskal presoen aldeko dinamikako bozeramailea da, eta beste hiru lagun ere atxilotu ditu poliziak: Oihana San Vicente Agurainen, Oihana Garmendia Gernikan eta Haimar Altuna Lizartzan. San Vicente ere Kalera Kalerako partaidea da, Garmendia Arabako Sortuko politika arduraduna eta Altuna, berriz, Gipuzkoako Sortuko arduraduna. 

Deklaratu ondoren utzi ditu aske Guardia Zibilak, Espainiako Barne Ministerioak atxiloketen berri emateko oharrean iragarri bezala.

Berria egunkariaren arabera, ia ehun harrera ekitaldi antolatzea leporatzen diete lau atxilotuei eta laurak aske geratuko dira deklaratu ostean.

Espainiako Barne Ministerioak komunikatu baten bidez adierazi du «terrorismoaren goratze» eta «biktimen umiliazio» delituak egozten dizkietela, hiru urtetan zehar euskal presoen ehundik gora harrera ekitaldi antolatzeagatik. Ministerioaren arabera, lau atxilotuak harrera ekitaldien «benetako burua» osatzen dute eta, ustez, hainbat erakunde erabiltzen zituzten ekitaldien benetako antolatzaileak nor ziren ezkutatzeko. Harrerak hirugarren pertsona batzuek egiten zituztela adierazi du, baina atxilotutako "taldearen ildoa" jarraituz.

Kabat izena jarri diote operazioari, eta adierazi dute Guardia Zibila duela urte eta erdi hasi zela gaia ikertzen. Guardia Zibilaren arabera, 2016ko abenduaren eta 2019ko urriaren artean, 95 harrera egin dira Hego Euskal Herrian, "gehienak Kalera Kalera dinamikaren bitartez".

Protestarako deia gaur arratsalderako

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzera deitu dute hainbat herritan, baita Zarautzen ere. 19:00etan, Lege Zaharren enparantzan, Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! lelopean egingo dute protesta bertaratzen diren herritarrek.

Deialdiarekin bat egiten duela adierazi du sare sozialen bidez EH Bilduren udal taldeak.

2018an ere atxilotua

Guardia Zibilak 2018ko martxoaren 20an ere atxilotu zuen Kubati, Belen Gonzalezen agur ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta. Kalera Kalera dinamikako bozeramaile Oihana Garmendia, Nafarroako Sortuko arduradun Miren Zabaleta eta Olatz Dañobeitia ere atxilotu zituzten orduan.

Egun berean utzi zuten aske zarauztarra.