'Ongi Etorri Euskararen Herrira' proiektu pilotua aurkeztuko du bihar UKUEk Fiturren

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 23a, 18:41

Q Kalitate Turistikoaren ziurtagiri berrituaren diploma jasoko du gaur Zarautzek, eta larunbatean Toldotxori buruzko showcooking saioak eskainiko dituzte.

Ongi Etorri Euskararen Herrira lelo hartuta, turismoan euskarari dagokion balioa emateko ekimen berritzailea aurkeztuko dute Urola Kostako Udal Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak  Madrilgo Fitur nazioarteko turismo azokan. Aurkezpen ekitaldia bihar egingo dute Basque Country-Euskadi standean,11:30ean, eta Lourdes Salsamendi UKUEko lehendakariak eta Iker Goiria aldundiko Turismo zuzendariak  azalduko dituzte 2020ko turismo kanpainaren nondik norakoak. UKUEk Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearekin elkarlanean sustatutako proiektu pilotua da.

Urola Kosta bezalako eskualde turistiko euskaldunek euskararen biziraupenean duten garrantziaz jabetuta landu dute Ongi Etorri Euskararen Herrira kanpaina. "Gure udalerrietako kultur-ondarearen eta nortasunaren ikur bereizgarri izanik, euskara (eta euskal nortasuna) izango du ardatz eskualdetik bideratutako aurtengo turismo-eskaintzak. Euskara partekatu nahi da bisitariekin, herri euskaldun batean egotearen esperientziaz goza dezaten", azaldu dute UKUEtik.

Hala, lanketa berezia egingo dute Uemarekin elkarlanean, turismo sektoreko eragile guztiekin, herriz herri. Bisitariei euskara ezagutarazteaz gain, eskualdeko herritarrei begira ere egingo dutela lan adierazi dute. Izan ere, egitasmoarekin bat eginez, "euskaldun gisara ahaldundu eta euskarazko harremanak areagotzeko abagune bikaina ere izango da proiektua bertakoentzat".  

Zarauzko eskaintza turistikoa

Urola Kostako herriek presentzia nabarmena izango dute igandera arte Fitur azokan, Euskadi-Basque Country standean, Euskal Kostaldeari eskainitako txokoan. Zarauzko Udalaren izenean, bertan izan dira Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga Turismo, Jai eta Ekitaldietako zinegotzia eta Esther Facchin Turismo saileko teknikari arduraduna.

Q Kalitate Turistikoaren ziurtagiria berritu dela adierazten duen diploma jasoko dute gaur iluntzean Facchinek eta Larrañagak, Cibeles Jauregiko Kristal galerian. Bestalde, Toldotxo Zarauzko pintxoa protagonista izango da aurten ere Fiturren. Larunbatean, showcooking-eko bi saio eskainiko dituzte, Zurekin elkarteko ordezkarien eskutik: bertaratutakoei zein osagaiekin eta nola prestatu erakutsiko diete.