"Alaznek nik baino aukera gehiago ditu"

Aritz Mutiozabal 2020ko urt. 24a, 08:00
Javi Agirre ezkerrean, kamerarekin, eta eskuinean, Alazne Ameztoi, lankidearekin solasean. moriarti

Javi Agirre eta Alazne Ameztoi senar-emazteak 34. Goya sarietarako daude izendatuta; bata, argazki zuzendari onenaren atalean, eta bestea, soinu onenarenean. Bihar gauean izango da sari banaketa ekitaldia Malagan (Espainia).

"Nik uste dut beste departamentuetan baino aukera gehiago dituzuela saria lortzeko", esan dio Javi Agirrek Alazne Ameztoiri, eta honek modu xumean erantzun dio "Izan liteke" batekin. Zarauzko senar-emaztea Espainiako Zinema Akademiaren 34. Goya sarien ekitaldian izango da bihar, Malagan (Andaluzia, Espainia),  La trinchera infinita filmak lortu dituen 15 izendapenetatik bi beraiek eskuratu dutelako. Agirre argazki zuzendari onenaren atalean dago sailkatuta, eta Ameztoi, berriz, soinu onenarenean hainbat lankiderekin batera.

Etxean badute jada Goyaren buruhandi bat, Handia pelikulagatik senarrak irabazitakoa. Edonola ere, Agirrek uste du sasoi hartan baino lehia handiagoa izango dela aurten bere alorrean. "Handia izendatuta egon zen edizioarekin alderatuta, egun dauden filmak bestelakoak dira. Handiak sariak ekarri zituen urtean egotzi zitzaion ez egotea zuzendari handien filmik. Aurten, ordea, badaude: Sorogoyen, Almodovar, Amenabar, Coixet... Urte oso potentea izan da, eta egote hutsa ia Handiarekin izendatuta egotea bezain handia da". 

Ameztoik ez du dudarik, eta Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga –Moriarti hirukoa– zuzendari handien zakuan sartzen ditu. "Aurten hau eta beste dago izendatuta esaten zuten, eta nik erantzun nien esanez, pentsa ezazue Almodovar zera esaten ari dela: ‘Joe, aurten hiru hauek daude izendatuta!’. Agian, beraiek ere badira maila horretako zuzendariak".

"Askoz ere epikoagoa izango da Goya irabazten badute, Almodovar eta Amenabar alboan izanda", egin dio azpimarra senarrak. Hala ere, iruditzen zaio irabazteko aukera guztiak Almodovarrek dituela. Ameztoik azaldu du Mantxako zuzendariaren filma oso goraipatua dagoela Europan eta Oscar sarietarako ere izendatu dutela. Bikoteak espero du Moriarti hirukoa ateratzea garaile endredu horretatik, baina "sailkapeneko liderra" une honetan Almodovar dela iritzi diote. 



Goyaren atariko gisa bi sariketa egon ohi dira: bata, aurreko asteko Feroz sariak dira, kritikak ematen dituena, eta hor Almodovarren Dolor y Gloria izan zen nagusi; eta bestea, ekoizleek emandako Forque sariak, duela pare bat aste banatu zituztenak, eta orduan La trinchera infinitak bereganatu zuen film onenaren aitortza. "Beraz, berdinketa Goya sariek hautsiko dute".


Arantzatxo bat


Askotan egin dute elkarrekin lan, eta, azkenaldian, La trinchera infinataz gain, hainbat proiektutan egin dute bat: Oreina, Dantza eta Ventajas, adibidez. Agirrerentzant Goya sarietara izendatzen duten bigarren aldia da, Ameztoirentzat estreinakoa. "Handian bigarren unitateak egin nituen, ez bainengoen departamentuko arduradun bezala, eta orduan ere soinua izendatuta zegoen Goya sarirako", jakinarazi du emazteak: "Azkenean, norbaitek ordezkatzen du, baina atzetik lantalde oso bat dago, eta meritua guztiona da". 

Orduan, sari tekniko guztiak eraman zituen Handia filmak, soinukoa izan ezik. "Nik uste dut zuzendariek badutela arantzatxo bat horrekin. Erdi-txantxetan diote aurten nahi duten Goya sari bakarra soinukoa dela", adierazi du Ameztoik. Bihozkada bat izango balu bezala, Agirrek oso argi ikusten du: "Alaznek nik baino aukera gehiago ditu Goya etxera ekartzeko. Gainera, apustu egingo nuke lortu egingo duela".



Emazteari aukera errealei buruz galdetuz gero, zuhurtziaz erantzuten du. "Posible da bat, bi eta batere ez. Dena da posible. Eta ez da ezer pasatzen". Ameztoi kontziente da izendapenaren atzean aitortza bat dagoela, eta, azken finean, bere ondoan lantalde bat: Iñaki Diez eta bera zuzeneko soinuaren grabaketaz arduratzen dira, Xanti Salvador muntaiaz, Nacho Royo-Villanova nahasketaz. "Pelikula honek asko kontatzen du soinuarekin, kameraz kanpoko soinu asko du, eta sortze hori posprodukzioan egin da. Eta horretaz Xanti arduratu da", azaldu du.

Zuzendariek ikuspegi subjektibo batetik erakutsi nahi izan dute filma, protagonistaren tokitik, hau da, Antonio de la Torrek antzezten duen Higinio pertsonaiaren larrutik. "Ikusten ez duena da eta entzuten duen guztia. Orduan da hormetatik entzuten duena, kaletik datorkion zurrumurrua, irratitik jasotzen duena... Unibertso sonoro hori guztia. Beraz, sekulako lana egin dute alor horretan", zehaztu du Agirrek.

Argazki zuzendariaren lanarekin ere, "zuzendariek ikuspuntu subjektibo hori nahi zuten, eta pelikularen definizioa hitz bakar batera distilatuko bagenu, hori beldurra izango litzateke. Beldurraren alegoria bat da, eta pertsonaiarekin egon behar da, pertsonaiak sentitzen duena sentituz. Beraz, nire frogak egin nituen, eta zuzendariekin eta beste departamenduekin hitz eginez ikuslea sugestionatzea izan zen nire asmoa, Higiniok sentitzen zuena sentiaraziz". Hasieran nahiko konplikatu izan zela azaldu du, ez delako erraza ezkutatuta eta argi gutxirekin dagoen pertsonaia baten egunerokoa irudikatzea. "Duda handiak izan nituen, baina pixkanaka-pixkanaka frogak funtzionatzen zutela ikusi nuen".



Bikoteak onartu du hasieratik ohartu zela pelikula potente bat egiten ari zirela. "Bagenekien pelikula on batean ari ginela lanean. Gertatzen ari zena eta egiten ari ginena, zuzendarien aparteko ikuspuntu hori, apustu bat zen. Aktoreak ere guztia ematen ari ziren... Pentsatzen zenuen: "Puff honek sekulako itxura du!’". Arregi, Garaño eta Goenaga talentu handiko zuzendariak direla iritzi diote, oso zinefiloak: "Zinemaren entziklopedia dira, eta benetan langileak".


"Urduri jartzen gaitu"


Alea jacta est. Bihar gauean jakingo da 15 izendapenetatik zenbat buruhandi lortuko dituen lubakiak. "Urduri jartzen gaitu. Alde batetik, badakigu zerbait ona dela, egindako lanaren aitortza, baina bestetik, horrelako ekitaldi batean parte hartzea arraroa egiten zaigu, badirudi mozorrotu egiten duzula. Ez gaude horretara ohituta". Ameztoik, aukeran, nahiago luke kanpotik ikusi nola saritzen dituzten moriartiarrak. Baita Ventajas filmeko zuzendari Aritz Moreno zuzendari berriaren sariarekin ere. Izan ere, bikoteak film horretan ere egin baitu lan, eta oso pozik dago lortu dituen lau izendapenekin.

Urduritasunak urduritasun, parrandatxo bat egiteko ere aprobetxatuko dutela adierazi dute. "Asko goaz Malagara, eta lantalde erdia andaluziarra izanda, nik uste dut egundoko festa sortuko dela".


Hainbat proiektu esku artean, epe laburrera begira


Javi Agirre eta Alazne Ameztoi ez daude geldirik. La trinchera infinitaren ondoren ere lanean jarraitu dute, eta elkarrekin aritu dira Aritz Morenoren Ventajas filmean. Goyen ondoren, senarrak Argentina aldera joko du datorren astean Pablo Agüeroren Akelarre filmaren koloretako posprodukzioa egitera. Era berean, une honetan, Imanol Rayoren Hil kanpaiak filmaren posprodukzioa egiten ere ari da.
 
Alazne Ameztoik film berri baten filmaketarekin hasiko da otsailean. Igor Legarretaren Ilargi guztiak proiektuarekin, eta Gipuzkoako hainbat tokitan eta Urbasan ariko dira.