Aritz Aranburu: "Gogotik saiatuko naiz Tokioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzen"

Unai Ugartemendia - 'Berria' 2020ko urt. 24a, 10:33

Aritz Aranburuk bikain ekin dio denboraldiari, jokatutako lehen txapelketa irabazi berri baitu, La Santan, Kanaria uharteetan. Bera izan da izar nagusia bertako 'El Quemao' olatu famatuan.

 

Ordu gutxi dira Aritz Aranburu (Zarautz, 1985) Lanzarotetik (Kanaria uharteak, Espainia) etxera iritsi dela. Hitzordura bizikletan iritsi da, eta bertan topatu dituen guztiek zoriondu dute. Pozik dago, hitz egiteko gogoz. Sasoi berrirako erronka berriek motibazioa eman diote.

Lehenik eta behin, zorionak garaipenagatik. Nolako astea izan da Lanzarotekoa?

Oso polita izan da. Aste guztia pasa dut Kanaria uharteetan, eta oso gustura egon naiz.

Garaipena ospatuko zenuen, ezta?

Bai, noski. La Santa herrian izan da txapelketa; oso komunitate txikia duen herrixka bat da, baina bertan daukaten olatua izugarria da. El Quemao izena jarri zioten, eta urtero jokatzen da txapelketa. Oso berezia da, baldintza oso onak daudenean bakarrik jokatzen delako; ez du data zehatzik. Hiruzpalau hilabete irekita egoten da data, eta egun pare batetan baldintzak oso onak izango direla ikustean, dei egiten dute, lau egun lehenago. Aurten, bi egunetan izugarrizko olatuak izan ditugu, bete-betean asmatu dute. Mundu guztiko jendea bildu gara.

Herriak dena ematen omen du txapelketan.

Bai. Lanzarotek berak turismorako indar handia dauka, eta horrelakoetan herri guztia gertuko egiten da. Turismoari bultzada handia ematen diote horrelako txapelketek, eta, herri txikia izan arren, herri handi baten antza hartzen du.

Nola joan zen txapelketa?

Ez nintzen oso ondo hasi. Lehen egunean, oso itsaso handia sartu zen, eta nire txandan, agian, gehitxo jarri zen. Horrelakoetan, itsasoak zer norabide hartzen duen kontuan hartu behar da, olatuak kalitatea gal baitezake. Ezustean izan zen, eta gauzak zaildu zizkigun. Hala ere, gustuko ditut horrela hasten diren txapelketak. Maila igotzen joatea gustatzen zait, eta hori gertatu zait honetan. Lehen eguneko txandak aurrera atera nituen, eta gustura amaitu nuen.

Bigarren egunean bereak eta bi egin zenituen.

Izan nituen hiru txandetan nire onena eman nuen. Finalean, izugarrizko lotura izan nuen itsasoarekin. Guztiz garrantzitsua da itsasoarekin konexio ona izatea; bestela, ezinezkoa da txapelketa bat irabaztea. Itsasoa oso apetatsua izan daiteke askotan. Energia oso oneko eguna izan nuen. Txapela irabaztea gehigarri bat izan zen. Finalean egotearekin jada oso eskertuta nengoen, gehienbat baldintza horietan surf egiteko aukera izan nuelako.

Finalean, irabazteko aukera zenuela ikusi zenuen?

Beti dago aukera, baina denek aukera berdinak ditugu. Nik, finalean, bi olatu oso on hartzeko aukera izan nuen, eta beste bi finalistek ez zuten aukera onik egin. Banekien edonork irabaz zezakeela bi olatu on hartuz gero. Nire lehen olatua jada hamarrekoa izan zen. Lan erdiak eginda neuzkan, baina beste olatu on bat hartu behar nuen. Azken minutura arte itxarotea erabaki nuen, eta ikusi nuenean olatu egokia zetorrela, sartzea erabaki nuen. Oso denbora gutxian hartu beharreko erabakiak izaten dira. Estrategia ondo atera zitzaidan. Itxarotea merezi izan zuen.

Zure inoizko txapelketarik borobilenetako bat izan zela esan duzu. Hainbesterako?

Horrela sentitu dut. 20 puntutik 19,40 lortu nituen, eta hori bada zerbait. Baina horretaz harago, baldintzek betetzen naute. Urteak aurrera doazen heinean, gero eta zorrotzagoa naiz baldintzekin, eta dena oso polita izaten ari da. Gaur egun, askoz ere gehiago gozatzen dut baldintza onekin, horrelakoetan buruak eta teknikak lan handia egiten dutelako.

Urteko lehen txapelketa zenuen. Zer helburu zenuen?

Oso gustuko dudan olatu bat da. Txikitatik askotan egon naiz bertan, eta banekien oso baldintza onak izango genituela. Aspalditik espero nuen txapelketa bat zen. Oso zaila da egun horrelako baldintzak izatea. Irabazteko grina banuen, baina nire sasoia ikusi nahi nuen, sentipenak ikusi nahi nituen. Motibazioa ere probatu nahi nuen, eta txapelketa honetan ikusi dut baietz, oso motibatuta nengoela. Oso ondo sentitu naiz, eta finalean irabaztea zen helburu bakarra. Irabazten ez duenarekin inor ez da gogoratzen.

Irakurri elkarrizketa osorik Berriaren atarian.

Erlazionatuak