Bakea eta demokrazia aldarrikatu dituzte kalean

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 25a, 10:02

Dozenaka herritarrek bakearen eta demokraziaren aldeko aldarria atera dute kalera bart, asteazkeneko atxiloketen harira.

Asteazkenean Antton Lopez Kubati Kalera kalera dinamikako bozeramailea eta beste hiru lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, euskal presoei harrerak egitea leporatuta. Egunean bertan utzi zituzten aske eta, atxiloketei erantzunez, hainbat herritan elkarretaratzeak egin zituzten, baita Zarautzen ere. Atzo eman zieten jarraipena protestei zarauztarrek, eta ostiraleroko dispertsioaren aurkako elkarretaratzearen ondoren, Alde Zaharreko kaleak igaro zituzten, Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! zioen pankarta hartuta.