Goya saria irabazi du Alazne Ameztoik

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 26a, 09:27

Soinu onenaren Goya saria irabazi du zarauztarrak, 'La trinchera infinita' filmean egindako lanagatik. Saria Ameztoiri, Iñaki Diezi, Xanti Salvadorri eta Nacho Royo-Villanovari eman diete.

Bart izan da Goya sarien gala, Malagan (Andaluzia, Espainia). Moriarti ekoiztetxearen La trinchera infinita filmak sarietarako 15 izendapen zituen, eta horietatik bi irabazi zituen atzokoan: Belen Cuestak aktore onenarena eta Alazne Ameztoi zarauztarrak, Iñaki Diez, Xanti Salvador eta Nacho Royo-Villanovak soinu onenarena. Saria jasotzerakoan eskerrak eman zizkien Ameztoik  Espainiako Zinema Akademiari eta beraien aldeko botoa eman zutenei. Besteak beste, ama eta Javi Agirre izan zituen ahotan oholtza gaineko hitzartzean. Izan ere, Javi Agirre, Alazneren senarra, ere izendatuta zegoen argazki zuzendari onenaren Goya sarirako, baina aurtengoan sari hori Mauro Hercek irabazi du, Lo que arde filmean egindako lanagatik. Ameztoiri eta Agirreri HITZAk egindako erreportajean aurreikusten zuten biek gaurko gauean gerta zitekeena eta, hein batean, asmatu dute.

'Dolor y gloria' nagusi

Iaz Moriarti ekoiztetxearen Handia filma izan zen Goya sarien galan jaun eta jabe. Aurtengoan, berriz, Pedro Almodovar zuzendari ezagunaren Dolor y gloria filma izan da protagonista nagusia: zazpi Goya irabazi ditu filmak. Horien artean, gidoi original onenarena eta pelikula onenarena.