Eguraldia lagun, giro ederra izan da gaur eguerdian Sagardo Egunean. Zurekin Ostalarien Elkarteak antolatuta, bederatzi sagardogile bildu dira Lege Zaharren Enparantzan: Aburuza (Aduna), Aginaga (Usurbil), Lizeaga (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Saizar (Usurbil), Satxota (Aia), Urdaira (Usurbil) eta Ordo Zelai (Oiartzun). Gainera, Baserria Okm-ren eskutik, idi-txuleta pintxoak dastatzeko aukera ere izan dute bertaratu direnek. Horrez gain, haurren txokoa ere jarri dute plazan, etxeko txikienek une atsegina igaro zezaten.
Sagardo Eguna aprobetxatuz, Zurekin elkarteak ostalaritza sektorean ibilbide luzea egin duen herritar bat omentzen du urtero, eta aurten Euromar Kafetegiko arduradun Marilu Osaren lana aitortu nahi izan dute. Iaz erretiratu zen Osa, baina bizitza osoa egin du barraren atzean. Zurekin elkarteko kideek azaldu dutenez, "erreferente garrantzitsua" da Zarauzko ostalarientzat: "eskerrak eman behar dizkizugu herriko ostalaritzaren alde egin duzun lanarengatik".
Osak hunkituta jaso ditu lore sorta eta oroigarria, eta eskerrak eman dizkie Zurekin Ostalarien elkarteari, Zarauzko herri guztiari eta, bereziki, bere familiari. "Ordu asko sartu behar izan ditut nire lanean, baina familia ondoan izan dut beti, asko babestu naute. Eskerrik asko denoi".