MARILU OSA - Euromar Kafetegiko arduradun ohia
Gaur jaso duzun omenaldia berezia izan al da zuretzat?
Bai, 47 urtez egin dut lan ostalaritzan, eta oso garrantzitsua da herriko ostalarien-gremioak nire lana aitortzea. Beti oso maitatua eta errespetatua sentitu izan naiz nire lanean, eta oso eskertua nago zarauztarrei. Urte hauetan guztietan belaunaldi desberdinetako zarauztarrak ezagutu ditut, adin tarte ezberdinetako herritarrak biltzen baitziren nire kafetegian.
47 urte egin dituzu barraren atzean. Asko aldatu al da ostalaritza mende erdian?
Ni Zestoan jaio nintzen, eta hamabost urterekin etorri nintzen Zarautzera lanera. Garai hartan lan asko egiten zen ostalaritzan, orain baino askoz gehiago, lanaldiak 14-15 ordukoak izaten baitziren. Jendea orain baino gehiago ateratzen zen, batez ere gauetan. Orain ez dago lehen bezain beste mugimendu.
Ia bizitza osoa eskaini diozu zure lanari. Zaila egin al zitzaizun erretiroa hartzea?
Oso erabaki zaila izan zen niretzat. Negozioa gurea zen, eta bi urte pasa nituen erabakia hartzeko. Hala ere, familiak beti babestu nau, eta nahikoa lan egin nuela esan zidaten. Unerik onenean utzi nuen, ez bainengoen erreta. Ostalaritza asko maite izan dut, eta oso oroitzapen onak ditut. Dena dela, ez da beti erraza izan familia eta lana bateratzea. Hiru seme-alaba ditut, eta ostalaritzako ordutegiak ez dira errazak familiarekin uztartzeko. Hala ere, nire seme-alabek ulertu dute nire lana, eta beti izan ditut ondoan.
Nola ikusten duzu ostalaritzaren etorkizuna?
Iruditzen zait gazteek ostalaritza ez dutela etorkizunerako lan aukera bat bezala ulertzen. Gehienak aldi baterako sartzen dira tabernetan eta jatetxeetan lanean. Badakit asteburuetan lan egitea gogorra dela; baita, gainontzekoak festan daudenean guri lan egitea tokatzen zaigula ere. Hala ere, ogibide polita da eta sektorean lan eskaintza handia dago. Ostalaritza negozio askok hegoaldera jo behar izan dute zerbitzari bila, hemen jenderik aurkitzen ez zutelako. Beraz, sektorea gustuko duten gazteak ostalaritzan lan egitera animatuko nituzke.