Elisa Sainz de Murieta: "Munduko isurketak erdira jaitsi behar ditugu 10-15 urtetan"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urt. 29a, 08:00

ZarautzOn elkarteak antolatuta, ‘COP25 Paristik Glasgowra. Klima aldaketaren azken gailurraren gakoak’ hitzaldia eskaini zuen atzo arratsean klima aldaketan aditua den ikerlariak.

Geologian doktorea da Elisa Sainz de Murieta (Bilbo, 1977), eta, egun, Basque Centre for Climate Change BC3n ikerlari lanetan aritzen da. ZarautzOn elkartearen eskutik, hitzaldia eskaini zuen klima aldaketan adituak atzo arratsaldean, Antoniano aretoan. Bertan, Klima aldaketaren inguruko goi bilerez eta horietan hartzen diren erabakiez aritu zen.


Zer da COP25 eta zer testuingurutan sortzen da?
Nazio Batuek, 1992an, klima aldaketari aurre egiteko Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioa adostu zuten, 1994ean indarrean sartu zena. Konbentzioa berretsi duten estatuak horren partaide dira, eta urtero elkartzen diren goi bilerari COP esaten zaio (Conference of the Parties). Lehenengo COPa 1995ean egin zuten Berlinen, eta aurtengoa 25. bilera izan da.

Bilera horien helburua da Konbentzioaren inguruko erabakiak hartzea edo hori aurrera eramateko behar diren neurriak adostu eta abian jartzea, Parisko Akordioa barne. Parisko Akordioaz ari garela, 2015ean onartu zen Parisen egindako goi bileran (COP21). Parisko Akordioa berrikuntza handia izan da aurreko Kiotoko protokoloarekin alderatzen badugu. Akordioak helburu argia ezarri zuen: munduko batez besteko tenperatura igoera 2 gradutara mugatu behar dugu, eta igoera hori 1,5 gradutan mantentzeko ahalegin guztiak egin. Helburu horri erantzuteko, behetik gorako arkitektura bat sortu zen, herrialde bakoitzak erabakitzen baitu helburu horri erantzuteko bere ekarpena zeintzuk izango den.


Zeresan handia eman du Madrilen izandako azken gailurrak. Askotan agertu da han-hemen hartutako erabakiak ez direla «nahikoa». Hala al da?
Klima aldaketaren gaia pil-pilean dago, baina berez gailur horren edukia nahiko teknikoa zen: Parisko Akordioa abian jartzeko, arauak eta gidalerroak behar dira, eta 2016tik aurrera ‘Arauen Liburu’ bezala ezagutzen den dokumentua landu da. Arauen Liburua iaz Katowicen egin zen gailurrean onartu behar zen, baina 6. artikulua, kooperazio mekanismoak eta merkatuak arautzen dituena, kanpo geratu zen. Arauen liburua ixtea zen Madrilgo bileraren helburuetako bat, eta hori ez zen lortu.

Hala ere, egia da Parisko helburua betetzetik urrun gaudela eta herrialdeen partetik helburu zorrotzagoak aurkeztuko ote ziren itxaropena ere bazegoen. Egon dira konpromiso politiko argiak, Europak aurkeztutako Green New Deal, adibidez, baina Europaren jarrera ez zegoen zalantzan. Oro har, ez da egon anbizioa handitzeko konpromiso zehatz nabarmenik. Eta hori izan da, nire ustez, goi bilera horri zapore gazi-geza eman diona.


Sainz de Murueta, atzo, ZarautzOn elkartearen eskutik eskainitako hitzaldian (ZarautzOn)


Zerk oztopatzen du behar adinako neurriak hartzea?
Lehenik eta behin, garrantzitsua da ulertzea zer konplexua den 197 herrialdek aho batez adostasunak hartzea. Testuak konplexuak dira eta esaldi bakoitzaren inguruan hainbat alternatiba aurkezten dituzte estatuek, beraien herrialdeen lehentasunen arabera.

Borondate politikoa falta dela uste al duzu?
Herrialde batzuen aldetik, bai, noski. AEB, Australia edo Brasil, oraingo gobernupean, baina behar diren eraldaketak goitik beherakoak dira, ekonomia eraldatu behar da, nola mugitzen garen, nola sortzen dugun energia… eta hori ez da erraza, ez da egun batetik bestera egin daitekeen eraldaketa.

Lurraren etorkizuna inoiz baino presentago dago agenda politikoan. Aldaketa klimatikoa geldiarazteko hartu beharreko neurriak oso urrun al daude boteredunak hartzeko prest daudenetatik?
Ez dut uste urruntasun kontua denik, ezta faktore edo arrazoi bakarra dagoenik ere... Parisko Akordioaren helburuak lortzeko, datorren 10-15 urteetan munduko isurpenak erdira jaitsi behar ditugu. Horrek gure sistema ekonomiko eta sozialaren goitik beherako eraldaketa eskatzen du: energia ekoizpena eta kontsumoa, garraiobideak… ez da aldaketa abstraktua, guztion bizitzarengan eragina izango duen eraldaketa baizik. Trantsizioak azkarra izan behar du, baina bidezkoa ere bai, orain dagoen eta etorkizunean sortu daitekeen desparekidetasun soziala oso aintzat hartuta.


Hainbat negazionistak diote klima etengabe joan dela aldatzen planetan, eta beroketa ez duela gizakiak eragin. Zer diozu argumentu horretaz?
Pozten naiz galdera hau egiteaz, geologo bezala beti gustatzen zait iraganean gertatu dena azaltzea. Ez dago zalantzarik klima maiz aldatu dela Lurraren historian zehar, baina aldaketa horiek faktore astronomikoek sortuak zan dira. Gaur egungo beroketa, aldiz, erregai fosilak erabiltzearen ondorioz atmosferara isuri ditugu negutegi efektuko gasen  pilaketak sortu du. Azken 800.000 urteetan, CO2 kontzentrazioa atmosferan ez da 300 ppm-tik igo. Industria Iraultza baino lehen, CO2aren kontzentrazioa 280koa zen; 1990ean 350 ppm ingurukoa. Egun, 410 ppm-tan dago. Gure isurpenak ari dira gure klima aldatzen, negazionismoa gizartean eta politika arloan egon daiteke, baina ez dauka oinarri zientifikorik.

Nola eragin diezagukete egunerokoan herritarroi gailurretan hartzen dituzten erabakiek?
Europar Batasuna Klima Aldaketari Buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioko kide da, eta dagoeneko aurkeztu du 2050ean karbonoan-neutroak izateko helburua. Zer esan nahi du horrek? Sortzen diren isurpenak eta hustulekuetan (basoak, ozeanoa…) finkatzen direnen arteko desberdintasuna zero dela. Europan isurtzaile nagusiak energia eta garraio sektoreak dira, beraz horiek eraldatu beharko ditugu 2050 baino lehen, lehen aipatu bezala. Horrek, eragin zuzena izango du orain dugun bizimoduan.

 

Burutzeko Sainz de Murietak ondorengo mezuak plazaratu nahi izan ditu:

1. "Klima aldaketari aurre ez egiteak esan nahi du inpaktuak sentituko ditugula. Klima aldatuko dela ezagutzen ez dugun moduan, eta horrek ere gure bizimoduan eragin zuzena izango du: itsas-mailaren igoera, muturreko gertakariak, bero boladak, ur baliabideen murrizketa…". 

2. "Klima aldaketari aurre egitea, horren ondorioak jazotzea baina hobeagoa eta merkeagoa da. Gainera, klima politikek onura gehigarriak dituzte beste arloetan. Adibidez, ikerketa asko dago isurpenen murrizketek osasunarengan duten onurak aztertzen dituena". 

3. "Zientziak argi dauka: tenperatura igoera ahalik eta gehien mugatu behar dugu, inpaktuen tamaina asko alda daiteke 1.5 gradutik, 2 gradutara pasatuz. Are gehiago 2 graduko muga gaindituta".

4. "Garaiz gaude, Parisko Akordioaren helburuak bete ditzakegu. Gero eta gehiago itxaron, orduan eta esfortzu eta kostu handiagoa izango dugu".