Parte hartu Egunean Behin jokoko Zarauzko Hitzaren taldean eta irabazi sariak astero

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 31a, 10:03
Astero bi lagunentzako gosaria emango dio Aizpurua Gozotegiak Zarauzko Hitzako irabazleari

Lehiaketa astelehenetik aurrera egongo da martxan, eta nahi duenak jada aukera du gure taldera batzeko. Astero banatuko dugu saria: asteko puntuazio onena lortzen duenak Aizpurua Gozotegian bi lagunentzako gosaria irabaziko du.

Astelehenean hasiko da Egunean Behin jokoaren hirugarren denboraldia. Arrakasta handia lortu du Codesyntaxek garatutako tribial moduko joko horrek, eta oraingoan Zarauzko HITZAk bere taldea izango du. Hala, astero saria banatuko dugu: asteko puntuazio onena lortzen duenak Aizpurua Gozotegian bi lagunentzako gosaria irabaziko du. Zortzi aste iraungo du jokoak; hortaz, zortzi gosari bikoitz banatuko ditugu.

Izenak dioen bezala, egunean behin partida bat jokatzeko aukera dute parte hartzaileek, eta hamar galdera erantzun behar izaten dituzte horretarako. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago asmatu, hobeto! 

Asmatutako erantzun kopuruaren eta pasatako denboraren arabera, puntuak lortuko ditu parte hartzaileetako bakoitzak. Sailkapena astekoa da: astelehenetik igandera arteko partidak hartzen dira kontuan. 

Taldera batzeko jarraibideak


Egunean Behin aplikazioa Google Play edo App Store plataformetatik deskargatu ondoren, Taldeak atalean Talde batean sartu (giltza erabiliz) aukeratu, eta hor sartu 2303EC kodea, ZARAUZKO HITZA EGUNEAN BEHIN  taldera batzeko. Bestela, esteka honetatik sar daiteke taldean.

Gaurtik aurrera dago horretarako aukera, baina astelehenetik aurrera jokatutako partidak hartuko dira kontuan lehiaketarako. Izan ere, taldean astero puntuazio onena lortzen duenak saria eskuratuko du.