Bi lursail erosi ditu udalak Garate-Santa Barbara eremuan

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 31a, 12:47
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia, erosi dituzten lursailen irudiarekin. (Aritz Mutiozabal)

15.975 metro koadro ditu batak, eta 18.793 metro koadro besteak. Horietan, Zingiran egiten ari diren bezala, artelatz basoa berreskuratu eta hobetzeko lanak egin nahi dituzte.

34.768 metro koadroko azalera duen bi partzela erosi ditu Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentuak Garate-Santa Barbara eremuan. Ingurumen zinegotzi Gloria Vazquezek azaldu duenez, bi lursailak Meagarako igoeran daudela, Natura 2000 sarearen barruko aipatu eremu babestuan, eta "balio natural handikoak" direla.

Lehen partzelak 15.975 metro koadro ditu, eta artelatz baso bat da. "Eremu babestu honen barruan dagoen kalitate onenetako basoa da. Edonola ere, esku hartzeren bat egin beharko da bere kontserbazioa hobetzeko; esaterako, ganaduari sarrera mugatu, lurzoru hondatu ez dezan", jakitera eman du Ingurumen zinegotziak. Proiektu bat egiteko asmoa ere badute bertan egin nahi dituzten ekintzak definitzeko.

Pinudi bat moztu ondoren abandonatuta geratu zen lursaila da udalak erosi duen bigarrena. Une honetan, artelatz batzuk baino ez daude gune horretan, eta Ingurumen Departamentuaren helburua da bertan landaketak eginez, artelatz baso bat sortzea, Zingira basoa egiten ari diren bezalaxe. Partzela honek 18.793 metro koadro ditu.

Bi lursail berrien erosketekin Zarauzko Eraztun Berde-Urdina osatzen jarraitzen dutela azpimarratu du Vazquezek. Gisa horretan, gainera, udalak jada bederatzi hektarea erosi ditu Garate-Santa Barbara eremuan, eta eta, guztira, 170.558 euroko inbertsioa egin du.

"Oso gustura gaude erosketa hauekin. Izan ere, artelatz basoa leheneratzeko aukera emango digu, baso honen biodibertsitatea hobetuz eta berreskuratuz, Natura 2000 sare europarraren helburua dena", azpimarratu du Ingurumen zinegotziak. Era berean, argi utzi du basoak gakoak direla klima aldaketaren borrokan.