ZarautzOn elkarteak prest ditu udaberriko hitzaldi eta irteerak

Ezkerretik hasita, ZarautzOn elkarteko Gabi Hernandez, Jose Mari Larramendi, Txomin Lasa eta Angel Irastorza (Onintza Lete Arrieta)

Bost jarduera egingo dituzte udara bitartean, hurrengoa otsailaren 18an; Daniel Innerarity izango da Antoniano aretoan demokrazia konplexuaren teoriaz hitz egiteko. Joan den urtearen balorazio positiboa egin du elkarteak.

Abiatu du urtea ZarautzOn elkarteak. Klima aldaketa eta COP 25 izan dituzte hizpide urtarril amaieran Elisa Sainz de Murieta ikerlariaren eskutik egindako hitzaldian, eta urteko lehen seihilekora begira, beste hiru hitzaldi eta irteera bat dituzte prestatuta.

Gaiak, ohi bezala, askotarikoak izango dira. Izan ere, demokrazia konplexuaren teoria, genoma eta kuantikaren iraultza jorratuko dituzte hitzaldietan. Irteera Iruñera egingo dute, eta historia eta zientzia landuko dituzte han, Iruña Museoa eta Planetarioa bisitatuta.

Egitaraua

  • Otsailak 18, asteartea: demokrazia konplexuaren teoriari buruzko hitzaldia, Daniel Innerarityren eskutik.
  • Otsailak 29, larunbata: Iruñera irteera. Historia eta zientzia landuko dituzte, Iruña Museoa eta Planetarioa bisitatuta.
  • Martxoak 24, asteartea: genomari buruzko hitzaldia, Ana Zubiagaren eskutik.
  • Martxoak 31, asteartea: batzar nagusia elkarteko bazkideekin.
  • Apirilak 21, asteartea: kuantikaren iraultzari buruzko hitzaldia.

2019az balorazioa

Pasa den urtean zortzi hitzaldi eskaini zituen elkarteak, hiru bisita gidatu egin zituen, eta bazkideentzat bost mintegi ere antolatu zituen. Guztira ia 900 herritarrek parte hartu zuten ekitaldietan, eta balorazioa, kuantitatiboki, positiboa da elkartearentzat.

Zientziaz Blai eta Bertsozientzia egitasmoak azpimarratu dituzte ekitaldi guztien artetik. Aurreneko horrek herriko gazteenen kuriositatea piztea du helburu, seigarren urtez egin dute, eta egitasmoaren garrantzia azpimarratu du gaur prentsaurrekoan Jose Mari Larramendi ZarautzOn elkarteko lehendakariak. "Ekimen honek emango ditu bere fruituak datozen urteetan. Gainera, aurten lehen aldiz nahasturik aritu dira herriko lau ikastetxeetako ikasleak elkarlanean".  2020an ere antolatuko dute herriko ikerlari gazteak biltzen dituen ekitaldia, udazkenarekin. 

Larramendik gogorarazi du ZarautzOnek "kontzientzia sortzeko zientzia" lantzen duela, eta herritarrei interesatzen zaizkien gaiak aukeratzen dituztela programa osatzeko. "Ezagutzak eta informazioak indartzen gaitu, hiritar bihurtzea ahalbideratzen digu". Hala, helburua "gauzak ulertzea" dutela azaldu du.

Une honetan plangintza estrategikoa lantzen ari dira, eta besteak beste, XXI. mendeko lehen bi hamarkadetan gertatutako aldaketak eta aurrerapausoak aztertzen ari dira. Elkartearen ustetan, gaurko gizarteak eskuartean dituen arazoen soluzioa zientzien elkarketatik etorriko da: "Teknologia, inteligentzia artifiziala eta robotika derrigor filosofo eta pentsalariekin elkarlanean jarri behar ditugu, bideak eta erabakiak adostu eta kontrolatzeko".