Udalak webgune berria aurkeztu du

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 5a, 17:10
Jesus Arana udalaren webgunearen aurkezpenean. (Izaro Altzibar)

Gaur aurkeztu du Zarauzko Udalak webgune berria. Hogei urtez aldaketarik gabe mantendu ondoren, guztiz eraberrituta azaldu dute atarian gaur goizeko prentsaurrekoan.

Berdintsu mantendu dute bi hamarkada baino gehiagoz Zarauzko Udalaren webgunea. Gaur eskaini duen prentsaurrekoan, baina, guztiz aldatuta aurkeztu du webgunea erakundeak. Berrikuntzei dagokienez, askotariko zerbitzuak eskaintzen ditu webgune berriak, horien artean honako hauek: agenda, albisteak, ordutegiak, kontratazioen informazioa... Horiez gain, udalak herritarrei helarazi nahi dizkien mezu garrantzitsuak ageriko dira menuaren azpialdean dagoen lerro urdinean (larrialdiak, abisu gorriak...).

Bestalde, webgunearen atal nagusi bat azpimarratu nahi izan du Jesus Arana alkateordeak: Tramiteak online egiteko aukera. Hau da, erabiltzaileek udalaren webgunearen bitartez izango dute eskaerak, erreklamazioak, erregistroak, ordainketak edo agiriak bideratzeko aukera. 

Tramiteak Internetez

Izapideak egiteko, ezinbestekoa da erabiltzaileak ziurtagiri digitala izatea; hau da, beharrezkoa da nortasun agiriaren baliokidea izango den Internet agiri bat izatea horiek egin ahal izateko. Webguneak plataforma ezberdinetako ziurtagiriak onartzen dituen arren, udalak 'BakQ' ziurtagiri digitala sortzea gomendatu du. Zarauzko Gaztelekuan eta osasun zentroan bideratuko dituzte lehen izapideak, eta ziurtagiria eskuratzeko ezinbestekoa da nortasun agiria aurkeztea bi leku horietan. Herritarrek, Gaztelekura edo osasun zentrora joan ondoren, pasahitz bat jasoko dute posta elektronikoan. Pasahitz hori eskuratuta, edozein euskal erakundetan izapideak egiteko aukera izango dute erabiltzaileak.

Era berean, Modelo zinema aretoko ekitaldietarako sarrerak webgunearen bidez erosteko aukera izango da aurrerantzean: asteburu honetako saioetarako sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai. Bestalde, adinekoei webgune berriaren erabilera errazteko ikastaro batzuk eskaintzea aurreikusten du erakundeak.