Izeta IV.a: "Lortuko banu, nire ibilbideko lanik handiena izango litzateke"

Aritz Mutiozabal 2020ko ots. 6a, 08:30
Izeta IV.a 100 kiloko zilindrikoarekin, Urtetako jaietan. (Aritz Mutiozabal)

Bi marka saiakera ikusteko aukera izango da larunbatean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Bata, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV.a’ zarauztarrak egingo du, eta bestea, Udane Ostolaza oriotarrak.

Erronka potoloa jarri dio bere buruari Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a (Zarautz, 1985) harri-jasotzaileak. Bi harri ezberdinekin 150 jasoaldi segidan ematen ahaleginduko da larunbatean: 100 kiloko zilindrikoa esku bakarrarekin 100 aldiz eta 125 kiloko kubikoa 50 aldiz, hain zuzen ere. Marka saiakera egunean Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a aita izango dut alboan erlojuarekin, eta osaba Jesus Mari Iruretagoiena Izeta III.a harria hartzen. 

Nola sortu da marka saiakera egiteko ideia?
Joan den uda sasoian dezente aritu naiz erakustaldietan esku bakarrarekin harriak jasotzen, eta behin uda pasata pentsatu nuen zerbait prestatu nezakeela. Lehendabiziko asmoa zen harri bakarrarekin eta esku bakarrarekin egitea, baina ondoren aitak animatu ninduen harri batekin lanak egin ondoren, harriz aldatzera eta jarraitzera. Beraz, zilindrikoaz aparte, kubikoarekin ere entrenatzen hasi nintzen, eta horrela iritsi naiz marka saiakerara.

Kontuan izanda, harriz aldatzen duzula eta bata esku batekin eta bestea bi eskuekin jasoko duzula, ez da ohiko marka saiakera bat izango, ezta?
Bitxia izango da, bai. Esku bakarrarekin une honetan ni bakarrik ibiliko naiz plazaz plaza, eta, alde horretatik, ez da ohikoa. Gainera, bi harri ezberdin nahasteak ere egiten du berezi. Nik biekin jarraian egiteko asmoa daukat: aurrena 100 kiloko zilindrikoarekin lanean jardungo dut esku bakarrekin, eta, jarraian, 125 kiloko kubikoarekin. Trantsizioa erabat ezberdina izango da, baina, tira! Horretan datza ezberdintasuna.

Berezitasuna hori izango du, baita zailtasuna ere?
Egia esan, bi harri mota ezberdin dira, eta, era berean, bi lan ezberdin. Aurrena 100 jasoaldi esku batekin egitea jada nahikoa lan bada, eta gero horrekin bukatu eta harri kubikoarekin beste 50 jasoaldi egitea, bada ez da makala! Kontuan izan behar da kubikoa altxatzeko teknika behar dela, eta zilindrikoaren aldean oso desberdina dela. Horri gehitu behar zaio lan gogor bat egitetik heldu beharko diodala... 125 kiloko kubikoa 50 aldiz jasotze hutsak jada badu nahikoa meritu, bada aurretik egindako lana gehituz gero, zeresanik ez! 

Nola joan da prestaketa eta harrietarako egokitzapena?
Prestaketarekin hasi nintzenean ez nuen uste jarriko nintzenik ere, baina pixkanaka-pixkanaka moldatzen joan naiz. Hasieran kubiko txikiagoko batekin hasi nintzen entrenatzen: 125 kilokoa astuna egiten zitzaidanez, 113 kilorekin ekin nion. Hasiera hartan urruti ikusten nuen 125 kiloko harria, baina entrenamenduak eginez eta prestaketa lanari esker, nahi nuen tokira iritsi naiz. Ea larunbat honetan marka egiteko gai naizen! 

Zein da zure helburua: lana osatzea ala lana denbora jakin batean betetzea?
Lehen helburu nagusia lana betetzea da, marka egitea, denbora albo batera utzita. Etxean egindako entrenamenduetan badakit zer erritmotara joan behar dudan, baina horrek ez nau bereziki kezkatzen. Nire asmo bakarra da 150 jasoaldi egitea, eta lanak ongi bukatuz gero, gustura geratuko naiz.

Beraz, zu izango zara errekor hau egiten lehena...
Hori da, bai. Aurretik nire aitak bere erretiroko egunean egin zuen 100 kiloko zilindrikoarekin 50 jasoaldi eta 100 kiloko kubikoarekin beste 50 jasoaldi. Nik antzerako zerbait egiteko asmoa dut, baina lanak zertxobait aldatuta. Alde horretatik, lehendabiziko aldiz egiten den marka izango da honako hau.

Zuek izetatarrak espezialistak zarete zilindrikoa esku bakarrarekin altxatzen. Etxetik datorren zerbait al da?
Beno, ez dakit etxetik datorren zerbait den. Kasualitatez etorritakoa dela esango nuke. Aitak lesio larri bat izan zuen eskuin besoko bizepsean, eta bajan egon behar izan zuen denbora luzez. Bere kirol ibilbidearen bukaeran zegoen, eta uztear bezala zebilela eta, nik pixka bat tentatu nuen esku bakarrarekin saiatzeko. Pixkanaka-pixkanaka horrela hasi zen, eta ni neu ere bai, bera animatzeko. Esku bakarrarekin harria altxatzeko teknika ikasi genuen, eta elkarrekin marka bat jarri genuen, erakustaldiak egiten hasi ginen eta berak erretiroa hartutakoan nik jarraitu egin dut. Azkenean, hortik etorri zen esku bakarrarekin harriak jasotzen aritzeko kontu hau.

Zer suposatuko luke zuretzat marka hau lortzeak?
Niretzat gauza handia izango litzateke. Jakin badakit zehaztu ditudan egitekoak ez direla nolanahikoak, eta helburua lortuko banu, seguru aski nire ibilbideko lanik handiena izango litzateke. Lanak osatze hutsarekin oso pozik geratuko nintzateke, egia esan. Gainera, garbi neukan herrian nahi nuela egin, nire jendearen aurrean. Ilusio berezia egiten dit horrek ere.

Saiakeraren ondoren, nola ikusten dituzu txapelketak?
Aurtengo denboraldiko nire helburu nagusia saiakera hau da. Gogotsu entrenatu naiz honetarako, eta hau bukatu ondoren, Zarauzko Bi Harri Txapelketarako prestatzen hasiko naiz. Martxoan izango da, eta hori izango dut hurrengo helburua. Aurreko bi edizioetan txapeldun izan naiz, eta aurten oso zaila izango dela badakidan arren, berriz ere han izango naiz lehiarako prest. Bestalde, urtero bezala, erakustaldiak izango ditugu, txapelketak etorriko dira eta betiko martxan jarraitzeko asmoa dut.