Bizipoza egitasmoa ezagutzera emateko ekitaldia egingo dute bihar

‘Gure bizipoza, guztiona’ dokumentala eta dokuweba aurkeztuko dituzte Etxezabalan, 18:30etik aurrera. Hainbat gonbidatuk hartuko dute parte aurkezpen ekitaldian.

Bizipoza zer den azaltzeko ekitaldia antolatu dute bihar arratsalderako. Anabel Arraizak aurkeztuko du, eta gonbidatu gisa, Uxue Alkorta bertsolariak, Miren Fernandez abeslariak eta Antxon Sarasua musikariak hartuko dute parte. Aurkezpen saioa 18:30an hasiko da, eta ‘Gure bizipoza, guztiona’ dokumentala emango dute, baina baita  3 elkarteren –Beroa, Bihotzez eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren– dokumental laburrak ere.

Irabazi asmorik gabeko egitasmoa da Bizipoza. Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du helburu. Eta, aldi berean, elkarte hauek transmititzen dituzten balioak jaso, hauekin aberastu eta hezi, eta hauek gizarteratuz herri inklusiboago bat eraikitzen saiatu. Momentu honetan Euskal Herrian aritzen diren 35 elkartek osatzen dute Bizipoza.

Hainbat ekimen burutzen dituzte urtean zehar baina azkeneko bi urte hauetan proiektu berri bat garatu dute: Dokuweb bat, non edukiak elkarteen inguruko mikro-dokumental txikiak diren, haur eta familia hauen istorio errealak. Eta honekin batera Bizipoza zer den azaltzen duen dokumentala ere.

Euskal Herri osoan zehar zabalpen lanak egiten dabiltza, elkartasuna, auzolana eta bizipoza bezalako baloreak gizartean euskaraz zabaltzeko. Lehenengo aurkezpenak hiriburuetan egin dituzte eta orain, herriz herri ari dira. Bihar Zarautzen izango dira