Koreografia baten soinekoa

Koldobika Jauregi artista Sanz Enea erakusketa aretoan. (Aritz Mutiozabal)

Telmo Esnalek zuzendutako ‘Dantza’ filmeko jantziak Koldobika Jauregi artistak diseinatu zituen, eta, orain, estreinakoz erakusgai jarri dituzte Sanz Enean.

"Xehetasun asko ditu Dantza filmak. Hainbat urtez aritu naiz proiektuan lanean eta  bost aldiz ikusi dut, eta oraindik ere gauza berriak ikusten dizkiot". Telmo Esnal zuzendari zarauztarraren filmerako Koldobika Jauregi (Alkiza, 1959) artistak eginiko jantzitegia inauguratu zuten atzo arratsaldean, Sanz Enea kultur etxean. Hitzak eskultorearekin egoteko aukera izan du astean zehar, lantalde baten laguntzarekin Dantzako arropak, atrezzoa, erremintak eta zenbait material atontzen ari zen bitartean. Eta zalantzarik ez dago, erakusketak filma hobeto ulertzen laguntzeko hamaika urrats eskaintzen ditu; martxoaren 29ra arte egongo da zabalik, 18:00etatik 21:00etara.

Lehen aldia da filmean erabilitako jantziak publikoari erakusten zaizkiola. Gabirian, Igartubeitin, (Gipuzkoa) jantzi bat ikusteko aukera izan zen aurretik, XVI. mendeko tolare zahar horretan filmeko zati bat filmatu zelako. Bertako argazkiak jarri zituzten eta han erabilitako arropa bat. Beraz, Zarauzkoa da erakusketa zabal bat eskaintzen dioten estreinakoa. "Alde batetik, logikoa zen pelikularen azken zatia hemen egin genuelako, Torreoian", dio Jauregik. Telmo Esnal zarauztarra izateak ere izango zuen bere pisua.


 
Nolanahi ere, proposamena Zarauzko Udaletik etorri zela kontatu du eskultoreak, eta espazioa «horrelako gauza bat erakusteko interesgarria» zela iritzi zion. "Agian, beteegia geratu da, baina filmean agertzen den arroparen gehiengoa hementxe sartu dugu. Jakina, Leitzan (Nafarroa) egiten den herriko festan  200dik gora lagun zeuden, eta hemen zazpiren jantziak daude. Eltxoak agertzen direnean, adibidez, 40 bat izango dira, eta erakusketan hiru daude. Asko murriztu behar izan dugu, eta multzo ideia hori zaila da sortzen areto batean". 

Filmean jende asko agertzen da, baina erakusketa aretoa mugatua da eta aukeraketa bat egin beharra izan du Jauregik. Beraz, ongi laburbiltzen duen lagin moduko bat litzateke: "Dantza bakoitzeko jantzi batzuk erakustea, multzo bakoitzaren ordezkatzaile modura". Horrez gain, argazki eta iruzkin batzuk ere jarri dituzte osagarri gisa. Era berean, arropen esanahia kontatzen duen dokumental bat ikusteko aukera izango da.


Teoria oinarri hartuta


Arropak diseinatzerako orduan ikerketa lan bat egon dela nabarmendu du Jauregik. "Film honek oinarria du neurri handi batean Juan Antonio Urbeltzen teorian. Beregan berehala ikusi genuen bazuela sekulako potentzial bisuala: ezpata dantzariak, inauteriak, mozorro/zomorroak... Zenbait kasutan, zuzenean intsektu horiek diseinatzera joan naiz. Orduan, bere teorien ildotik jarraituz, mundu bat sortu genuen, eta mundu horrek urtaro guztiak kubritzen zituen, baita gizakiaren eboluzioa ere". 

Alde batetik, Urbeltzen ikuspegi estetikoa eta sinbolikoa zegoen, eta bestetik, Jauregik berak artistikoki sortutakoa; esaterako, loreen pasartea. "Inpaktu bisual handia izan zuen. Ni neu ere harrituta geratu nintzen. Gainera, arbola batera igo eta jaitsi behar zuten dantzariek jantzi horiekin, eta ez zuten enbarazurik egin behar. Dudarik gabe, hau da diseinatu dudan jantzirik arinena. Egia esateko, kanpin denda ziztrin bat baino ez da". 



Jantzi bakoitzak du bere berezitasuna, eta erakusketak agerian uzten du hori. Sinbologiak gehienetan daude, arropen xehetasunetan: zintzarrietan, iruditegietan (besteak beste, bosburua), apaingarrietan, oinetakoetan, harribitxietan, koilareetan daramaten elementuetan (babarrunak, artoa, harriak, metalezko xaflak...) eta abarretan.

Baina artistak azaldu duenez, guztiak bat datoz ideia zehatz batekin: "Dantza egiteko garaian lurrarekin lotu behar dugu, grabitateak existitu behar du eta hankak lurrera errotu behar ditugu. Hori da Argia taldearen eta Urbeltzen dantza ulertzeko modua, eta arropak ideia horrekin lotuta joan behar zuten". Jauregik dio hasieratik gustatu zitzaiola kontzeptua: "Ni ados nengoen horrekin, eskultorea naizelako eta eskultoreontzat grabitatea ezinbestekoa delako".


Diseinatzaile bihurtuta


Lauzpabost urte eman zituzten filma grabatzen, eta denbora tarte horretan eskultore bat jantzi diseinatzaile bihurtzeko "zoriona" izan duela aitortu du. «Ordura arte ez neukan inolako loturarik jantzien munduarekin, eta pentsatu genuenean herri bat sortu nahi genuela bere arropekin eta guzti, nire antrebentziaz, nik neuk egingo nuela esan nuen", azaldu du artistak. 

Prozesua hutsetik abiatu behar izan zuen, gainera. "Film osoa kontatzen duen stoyboard-a pasa zidatenean, pertsonaia guztiak biluzik agertzen ziren, ez zegoen  arroparik". Hala, buru-belarri jarri zen lanean eta azken urteak gehienbat diseinatzera eman ditu, tarteka eskultura batzuk eginez. Batzuentzat ezustea izan dela dio eta besteentzako mutur-sartzea. "Etorri, ikusi eta baloratu". Atzera eskulturak egitera itzuli da, baina jendeari egindako jantziak interesatu egin zaizkiola azaldu du, eta batzuei jakak eta amantalak egin dizkie.