UKUEk erakunde eta enpresetako aniztasuna lantzen jarraituko du

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 7a, 11:28

2018an martxan jarritako 'Aniztasunaren kudeaketa Urola Kostan' proiektuak segida izango du 2020an.

"Azken urteotan testuinguru ekonomiko eta sozialean izan diren aldaketen eraginez, inoiz baino aniztasun handiagoa dago enpresetan jatorri, ezagutza eta motibazioari dagokionez. Kudeaketa-mekanismo tradizionalak jadanik ez dira eraginkorrak baina, aldi berean, desberdintasun horiek eraginkorragoak eta berritzaileagoak izateko aukera berriak sortzen dizkiete erakundeei". Hala uste du Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) eta, horregatik, eskualdeko enpresa eta erakundeei bideratutako Aniztasunaren Kudeaketa Urola Kostan proiektua du martxan.

Elkar-anitz topagunea

2018an abiatu zuen aniztasuna bultzatzeko proiektua UKUEk, eta, orain arte, eskualdeko sei enpresak parte hartu dute. 2020ra begira, UKUEk gonbidapena luzatu nahi die Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako enpresa guztiei.

Diagnostikoa eta planak

Proiektuaren azken helburua enpresei aniztasuna ondo kudeatzeko tresnak ematea da. Gaiari buruzko aholkularitza jasotzeaz gain, parte hartzaileek aniztasunaren alorrean lehen urratsak egiten hasteko aukera izango dute. Horretarako, aurrena enpresa eta erakunde bakoitzaren diagnostikoa egingo da; aniztasunari dagokionez, horretarako lantaldearen barne egoera behatuko dute. Ondoren, ekintza plan eredua lantzearekin batera, enpresa bakoitzaren errealitatera egokitutako ekintza-plana definitu, eta hori ezarriko da.