Jesus Mari Olaizola 'Txiliku': "Hizkuntzarekin gehiago jolastu beharko genuke"

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 7a, 16:00

Hik Hasi aldizkariak Jesus Mari Olaizola 'Txiliku' (Zarautz, 1951) idazlea elkarrizketatu du, bere ibilbideari gainbegirada bat emanez.

Haur eta gazteen munduarekin lotura estua izan duzu zure bizitzan zehar. Haurrentzako ipuinak eta testu-liburuak sortzea izan da zure lana. Nola hasi zinen?
Ingeniaritza tekniko kimikoko ikasketak bukatu ostean, Zarauzko ikastolan zientzia-gaiak lantzeko irakasle bat behar zutela-eta hasi nintzen 5. mailan zeuden ikasleekin eskolak ematen. Gogoan dut garai hartan oso irakurgai gutxi zegoela euskaraz 10 urte inguruko haurrentzako. Eta hortxe hasi nintzen istorio txikiak euskaraz sortzen. Ikasleen arreta neureganatzeko klasearen hasieran lantzeko istorio txikiak ziren, eta beti izaten nuen papertxo batean ikasleei kontatzeko istorioren bat prest. Halako batean, dozena-erdi bat ipuin bildu nituenean Elkar argitaletxera jo nuen. Ondo zeudela, baina gutxi zirela erantzun zidaten, gehiago egin behar nituela. Gehiago egin nituen eta horrela argitaratu zen nire lehendabiziko liburua: Zozoa eta biok.

Irakaskuntzan oinarritu zen, beraz, zure sortze lanaren muina. Idatzitakoa hartzailearekin parteka-tzeko modu zuzen horrek abantailak izango zituen, ezta?
Irakaskuntza lana ez da erraza  izaten, eta irakasle bakoitzak bilatu behar izaten ditu halako bide batzuk ikasleekin konektatzeko. Nire irakasle garai haietatik gogoratzen dut bazegoela halako konplizitate bat ikasleen eta nire artean. Sortzen nituen ipuinetan protagonistak gelako haurrak izaten ziren eta beti egoten ziren zer kontatuko nien zain. Jolas hori oso polita izaten zen, eta zentzu horretan pribilegiatua sentitzen nintzen, arreta horrek plus bat ematen dizulako. Beti esaten da, eta beharbada gehiegitan errepikatzen da, idazlearena bakar-lana dela. Askotan idazten du baina erreferentzia gutxi izaten du idatzitako horretaz hartzaileak zer pentsatuko duenari buruz. Irakurlea bertan badago errazagoa da prozesua. Badakizu zerk pizten dion arreta, zer nahi duen etab.

Ikastolako zereginetatik testugintzara jauzia egin zenuen gero.
Ikastolan 13 bat urtean aritu nintzen eta ondoren pasa nintzen testugintzara. Garai horretan liburuak egitea izan zen nire ofizioa eta lanbide horretan aritu naiz 20 urtetik gora. Hasiera batean batez ere zientzia, fisika, kimika edota matematikari buruzko liburuak egiten aritu nintzen. Literaturatik gutxi zuten lan haiek. Baina azken urteetan liburu horietan sartzeko lan literarioak egiteko aukera izan nuen. Proiektu pedagogiko baten barruan sartuta geunden hainbat idazle, eta proiektu horretarako enkarguz idazten aritu ginen.

Enkarguz idaztearen eta librean aritzearen artean ba al dago aldea sortze-lanari dagokionez?
Sormena bietan dago. Bertsolarien kasua ere antzekoa gertatzen da. Gaia ematen diotenean, hor dauka gaia eta horri eutsi behar dio. Zenbat eta hobeto eutsi gaiari hobeto, baina hor barnean sortu zuk sortu behar duzu, eta bizitza eman kontakizunari. Norberak idazten duenean norberari etortzen zaio gaia edo nahi duena aukeratzen du. Bataren eta bestearen artean diferentzia hori badago, baina sormenari dagokionez ez dut uste alde handirik dagoenik.

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke hikhasi.eus atarian.