Torreoiko lanak bukatzear direla jakinarazi du Xabier Txurruka alkateak

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 8a, 13:22

Zarauzko alkateak Twitterrez zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, Torreoia eraberrituta dago. Irekiera datarik ez dago, baina udaberri honetan herritarrentzat zabaltzeko asmoa du udalak.

Orain urtebete, 2019ko urtarrilaren 14an, hasi zen udala Vista Alegreko Torreoia izenez ezagutzen den eraikina berritzen. Valuarte Conservacion del Patrimonio enpresak hartu zuen lanak egiteko ardura, 677.975 euroko aurrekontuarekin. Aurreikusi zuten lanak 11 hilabetean egingo zituztela.

Xabier Txurruka alkateak atzo eta gaur zabaldu ditu Twitterrez goiko argazkiak, eta horietan argi ikusten da lanak amaituta edo amaitzear daudela. Udalak udaberrian zabaldu nahi dizkie herritarrei askok maitea duten eraikineko ateak.

1913an eraikia

Torreoia 1913an eraiki zuen Villapadierna eta Muñizko markesak, eta Gipuzkoa mailan hormigoi armatuz eraikitako lehen eraikina izan zen. 1993tik ez zen mantentze edo berritze lanik egin eraikinean, eta egoera txarrean egon da orain arte.

Azken urtebetean, berriz, eraikina osatzen duten elementuen moldeak atera eta egiturazkoak ez diren elementu guztiak ordezkatu dituzte, baita Torreoiko goiko solairura joateko zeuden eskailerak ere.

Bestelako lanak ere egin dituzte: ur hornidura, euri urak jasotzeko sistema, koadro elektrikoa, argiztapena eta halako azpiegitura lanak, hain zuzen.