Onddo genero berri bat topatu dute Aranzadiko mikologoek Pagoetako parke naturalean

Lander Muñagorri Garmendia - Berria.eus 2020ko ots. 11a, 16:28
Erreka ondoan dauden egur usteletan topatu dute Pseudosclerococcum Golindoi onddoa. (Aranzadi)

Berria egunkariak erreportajea egin du aurkikuntzaren inguruan, eta antza denez badu bere garrantzia, topatu dutena ez delako espezie berri bat, genero bat baizik.

Lehendik ere bazeuden basoetan, baina inork ez zituen mikroskopio parean jarri eta aztertu. Aranzadi zientzia elkartea horretan aritu da azken urteetan, eta, ikerketa egin ondoren, onddo genero berri bat zerrendatu eta izendatu dute: Pseudosclerococcum Golindoi. Aurkikuntzak badu bere garrantzia, topatu dutena ez delako espezie berri bat, genero bat baizik. "Lehenengo, familia dago; horren barruan, genero ezberdinak, eta, genero baten barruan, espezie asko egon daitezke; aurrez ere espezie berriak topatu izan ditugu, baina hau berezia izan da, genero berri bat baita". Joxepo Teres Aranzadi zientzia elkarteko mikologia saileko kidea da, eta onddo genero berria aurkitu duen taldean aritu da Ibai Olariaga mikologia saileko zuzendariaren gidaritzapean. Onddo genero berria topatzeak sekulako poza sortu diela azaldu du, eta gustura daudela aurkikuntzarekin.

Azken urteetako aurrerapen teknologikoekin laborategietan espezie berriak sortzen ari dira, baina mendian onddo genero berri bat topatzeak "poz handiagoa" ematen duela dio. 2006. urte amaieran topatu zuten, lehenbiziko aldiz, onddo txiki eta beltza: Aizarnazabalen (Gipuzkoa) dagoen Altzolaras erreka bazterrean, usteltzen hasia zegoen egur zati baten azpialdean. Onddoa ikusi, eta ez zuten jakin zehazten zein perretxiko mota zen. "Bagenekien zein taldetakoa zen, baina ez generoa eta espeziea; jaso genuen, zehaztu gabe zer zen, eta mikologian aditua den espezialista batekin kontrastatu genuen" Hark ere ez zuen jakin zein espezie eta generotakoa zen topatutako onddoa.

Teresek dioenez, batzuetan onddoak behin bakarrik azaltzen dira, eta, horregatik, Aranzadiko mikologoek landa lanak egiten eta bilatzen jarraitu zuten. Bi urtez ez zuten onddo hori berriz ere topatu, baina Pagoetako parke naturalean ikusi zuten berriz ere bueltan, Aiako (Gipuzkoa) Agorregi burdinolaren inguruko baso mistoko mendi erreka baten ertzean.

Jarraitu albistea irakurtzen Berria egunkariaren webgunean.