Ziabogaren bihurgune estua

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ots. 12a, 09:24
Zarauzko arraunlari beteranoen bi traineruak. (Luis Azpeitia)

Atzotik, Badok 13 arraunlari beteranoen taldea ez da Zarauzko Arraun Elkartekoa. ZAEk luzatutako hitzarmenarekin ados ez zeudenez, ez dute sinatu, eta egoitzarik gabe geratu dira.

Urrezko denboraldia egin ondoren, atentzioa datorren udan finkatua dauka egun Zarauzko Arraun Elkarteak. TKErako igoera ospatu ostean, erronkei aurre egiteko gogor prestatzea da tokatzen zaiena orain. Jardunik ezagunena Enbata gizonezko seniorren traineruak duen arren, elkartearen barruan badira harrobiko taldeak (infantil, jubenil zein kadeteak) eta beteranoak ere. Atzotik, ordea, beteranoen mailako Badok 13 taldeko arraunlariak ez dira ZAEko kide.
Duela urte batzuk batu zen ZAEra beteranoen taldea. Hasieran, arraunaz aisialdi moduan gozatzen jarraitzeko elkartu ziren, baina taldea gehiago egituratzen joan ahala, lehiatzeko trainerua atera zuten, eta azken bi urteetan irabazteko zituzten ia estropada guztietan izan dira buru. Bi traineru izan dituzte azken urteetan: aisialdikoa, eta txapelketan aritzen zena. Guztira, 30 arraunlari inguruk osatzen du beteranoen taldea, eta ZAEn, inguruko herrietan aritutako arraunlariak eta bestelako hainbat daude bertan.

ZAEko kide izanik, elkarteak Aiako Ubegun industrialdean duen egoitzako instalazioak erabiltzen zituen beti, arau batzuk beteta, nahiz eta traineruak, arraunak eta bestelako materiala taldearenak propioak izan. Era berean, elkarteak antolatzen zituen estropadetan eta bestelako ekitaldietan ere beharrezko laguntza eskaintzen zuen beteranoen taldeak. 


Elkartearekin hitzarmena

Iazko udazkenean Zarauzko Arraun Elkarteak hitzarmen proposamen bat luzatu zion beterano taldeari. Bertan jasota zeuden beteranoek elkartearen parte izaten jarraitzeko zituzten betebeharrak, ZAEk eskaintzen zizkion baliabideak eta horiek erabiltzeko arauak, arraun elkarteak bere jardunaren egunerokoan "arazorik ez izateko". Oro har, bizikidetza baketsua bermatzeko eta beteranoen jarduerak gainontzeko mailena ez baldintzatzeko markatutako arauak dira jasotakoak. 

Hitzarmenean jasotako puntu guztiekin ados agertu dira beteranoak, batekin izan ezik. Betebeharren atalean, zehaztu dute aurten urteko fitxa federatiboa egiterakoan Zarauzko errolda aurkeztu beharko dutela arraunlari beteranoek, eta gazte edo senior mailetan ZAErekin fitxa edukitakoak izan beharko dutela. Puntu horrekin ez daude ados beteranoak eta, ondorioz, ez dute hitzarmena sinatu. 

Traturik itxi ez dutenez, Badok 13 taldeak ezingo du aurrerantzean txapelketetan parte hartu Zarauzko Arraun Elkarteko kide bezala, eta elkartearen instalazioak erabiltzeari utzi behar izan dio atzotik. Hala, bertan gordetzen zuten materiala atera behar izan dute egoitzatik. Gordetzeko lekuren bat topatu badute ere, azaldu dute «kalean» geratu direla, "oso material baliotsuarekin". 
Arraunlari beteranoak "minduta" agertu dira elkartearen erabakiarekin. "Guk beti eskaini diogu gure laguntza elkarteari, eta eskatutako guztia bete izan dugu. Gainera, fitxak ZAEn izan ditugu, eta elkarteak dirulaguntzak jasotzeko fitxa horiek ere aurkezten zituen. Hala, diru gehiago jasotzen zuen, fitxa kopuru handiagoa aurkeztu ahal zutelako".


Txanponaren beste aldea

Gertatuak gertatu, Zarauzko Arraun Elkarteak garbi dauka erraztasunak eman dizkiola Badok 13 arraunlari beteranoen taldeari. "Elkarteak, Zarautzen arrauna bultzatu eta zabaltzeko bidean, Badok 13 taldeko arraunlariei Gipuzkoako beste inongo arraun elkartek eskaintzen ez duen aukera eman izan die, eta aurten ere  aukera hori eman die. Aukera horretaz baliatzen jarraitzeko arraun elkarteak luzatutako proposamenari uko egin dio Badok 13 beteranoen taldeak". 
Dena den, garbi utzi du elkarteak aurrerantzean ere zarauztar guztiei nahiz ZAEko kide ohiei arraunean aritzeko aukera eskaintzen jarraituko duela, "izan gazte, izan heldu, izan beterano".