Begirada zorrotzez

Aritz Mutiozabal 2020ko ots. 12a, 10:12
Optika musika taldeko kideak. (Optika)

Zarauzko Optika laukoteak ‘Babes azalak’ lehen diskoa eman du argitara. Garate estudioan grabatu dute, Martxel Arkarazoren gidaritzapean. Martxoaren 31n aurkeztuko dute Putzuzulon.

Zarauzko Optika musika taldearen hazia Putzuzulo gaztetxeko Bertsio Gauetan hasi zen ereiten, baina gaur egungo formazioa 2018ko edizioan sortu zen. Klara Gorospe abeslariak, Ariadne Campo gitarristak, Uxue Barrio baxu jotzaileak eta Iñigo Fernandez Fer bateria jotzaileak osatzen dute laukotea, eta aurki bi urte beteko ditu; izan ere, ostiral honetan, "akaso" ,Amets Fabrikan egingo den azken Bertsio Gaua egingo dute, 21:00etan.

Ibilbide laburra baina bizia darama Optikak, eta horren erakusle da eskaini dituen hainbat kontzertu, baina bereziki argitaratu berri duen estreinako diskoa, Babes azalak izenburupean. "Bakoitzak barruan daramatzan korazei buruz ari gara, beldur eta kezka horiek ezkutatzen dizkiguten geruza horiei buruz. Dordoken oskol pila horien inguruan, alegia. Izenburuarekin azaldu nahi dugu zenbat babes azal dauzkagun geure baitan eta kendu egin behar ditugula horiek guztiak. Gauzak naturaltasunez eginez gero, hobe dela", aditzera eman du Ferrek.
Hardcore eta punk-rock doinuetan murgiltzen da Optikaren begirada, esperimentazioari aterik itxi gabe, eta, guztira, zazpi abesti jaso dituzte diskoan: Tradizio zikiña, Natura hila, Balakia, Gizarte plastifikatua, Babes azalak, Kanpan eta Zurera. "Taldean sartu nintzenean hiru bat kanta zituzten erdi eginda, eta, hasiera batean, errazera jotzera erabaki genuen, piezak ordenatuz. Horrela, kantak sortzen joan ginen, eta, guztira, zazpi sortu ditugu. Zuzenekoetan bat gehiago jotzen dugu, baina hor Klarak bateria jotzen du, eta nik abestu egiten dut. Momentuz ez du izenik, eta guk Punkia deitzen diogu", adierazi du bateria jotzaileak. "Gogoa bageneukan! Horrenbeste entseatu eta gero, zerbait grabatu nahi genuen jendeak entzuteko edo norberak edukitzeko", gaineratu du.

Andoaingo Garate estudioan grabatu zuten Martxel Arkarazo teknikariaren gidaritzapean. Iazko sanpelaioen aurreko asteburuan aritu ziren buru-belarri lanean: denak batera jota grabatu zuten, eta ondoren sartu zuten ahotsa. Prozesua bizkor-bizkor egin zutela azaldu du Ferrek, eta emaitzarekin oso gustura geratu direla.


Aurkezpena martxoan

Abenduaren erdialdean kaleratu zuten diskoa, eta pare bat kontzertu eman dituzte harrezkero. Une honetan, ordea, geldirik dago taldea, lan eta ikasketa kontuak direla medio. Martxoan berriro taula gainera itzultzekoak dira:  martxoaren 21ean diskoaren zuzeneko aurkezpena egingo dute Putzuzulo gaztetxean, Galiziako Taiga Dhuka taldearekin batera.
Babes azalak argitara eman badute ere, diskoa eskuratzea nahiko lan zaila bihurtu da. Momentuz, ez dute inon jarri salgai, eta taldeak ez du atari digitalik ere beraien musika ezagutzera emateko. Pauso hori emateko asmoa badute, baina bitartean kontzertuetan ari dira saltzen, bost eurotan.