Axi Muniain: "Harro sentiarazten nau munduko surflari onenen pare aritzeak"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ots. 12a, 12:37

Zarauztarra pozik itzuli da Nazare Tow Surf Challenge lehiaketatik. Olatu handienetakoa hartzeko aukera izan zuela kontatu du.

Nazare Tow Surf Challenge proban lehiatu zen atzo Portugalen Axi Muniain surflari zarauztarra Mick Corbett taldekidearekin. Egun bakarreko lehia izan zen, eta pozik da Muniain bizitako esperientziarekin. "Beharbada zentratu nintzen alderdi arriskutsuenean, ezkerraldean. Olatuak amildegiaren aldera eramaten zaitu, eta gogorra da beldur horiek kudeatzea eta norberaren burua hara bultzatzea, badakizunean zer arrisku ari zaren asumitzen. Baina olaturik ikusgarrienak hor gertatzen dira, eta zorionez, bat ehizatzeko aukera izan nuen. Kai Lennyren–irabazlea– olatu erraldoia eta nirea, bi horiek izan dira olaturik bortitzenak".

Muniainen esanetan, jendeak asko txalotu zuen bere lana. "Ikustea munduko surflaririk handienak kili-kolo jartzen dituzula,  horrek harro sentiarazten nau. Batez ere, ikusita ez naizela helburu horrekin joan. Guk garbi genuen gure helburua zela ongi pasatzea. Garrantzia guztia kendu genion lehiaketari. Halaxe egin genuen, bai gozatu ere".

Bestalde, azaldu du surf oholarekin istripua izan zuela: "Nire atoi surfeko —tow in— materialak galdu nituen, eta surfeatu behar izan dut sekula probatu gabeko materialarekin. Baina ondo moldatu nintzen, funtzionatu zuen".

Hainbat saridun

Txapelketa berezia da Nazaren egin dena, ez baita irabazlerik egon, baina bai hainbat sari, zeinak erabakitzen diren parte hartzaileek emandako botoekin. "Commitment saria erreskateko ekipoari eman zitzaion; olaturik handienarena Kai Lennyri –hor ibili ginen biok lehian, baina ni ados nago bera hobea izan zela–; emakumeetan nire botoa Justin Dupontentzat izan zen, eta bera atera zen garaile". Emakumezkoetan, Maia Gabeira ere oso pareko ibili zela uste du Muniainek. "Goraipatu beharrekoa da emakumezkoetan biek noraino eraman zituzten mugak. Munduko errekor berria kili-kolo jarri dute".

Talde onenaren saria ere Kai Lenny eta Lucas Chiancarentzat izan zen, "denen adostasunarekin". Zarauztarraren ustez, "ikusgarri ibili ziren" hawaiiarra eta brasildarra.

Muniain azken unean sartu zen txapelketan, Ross Clark-Jones lagunak lagatako tokiari esker. "Ez ninduten txapelketara gonbidatu, eta pena neukan, eta baita Rossek ere. Lesio baten ondorioz ezin izan zuen parte hartu, eta ez zuen zalantzarik izan: txapelketa hasi baino bi egun lehenago deitu zidan. Taldea osatu, eta horrela parte hartu ahal izan dut lehiaketan". Aurrera begira, Galizia aldean proiektu bat elkarrekin egitekoak dira Muniain eta Clark-Jones.