Ana Galarraga - Zientzia komunikatzailea

"Ikerlarien bizitza ez da bizigarria inorentzat"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ots. 13a, 09:00
(Amaia Urbieta Arruti)

Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna izan zen asteartean. Ana Galarraga (Zarautz, 1970) zientzia arloko komunikatzailea da, eta badu zeresanik gaiaren inguruan. Alde onik ikusten badie ere, zorrotz kritikatu ditu ustez berdintasunaren alde hartzen diren neurriak, eta agerian jarri ditu sistema zientifikoaren arrakalak.

Zein izan zen Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren abiapuntua?
Berri samarra da. Helburua da bistaratzea emakume zientzialariak eta haien egoera, presentzia areagotu dadin. Oso lotuta dago garapen eta ekonomia politikekin. Ikusi zuten emakumezkoak oso proportzio txikian zeudela, batez ere, teknologia eta ingeniaritza eremuetan. Kalkuluak egin eta ikusi zuten horrek ekonomiari kalte egiten ziola.

Interes ekonomikoa du atzean, beraz?
Bai, Ameriketako Estatu Batuetan hasi ziren aurrena, eta gero Europara etorri zen. Badago interes hori, bai. Ikusi zuten etorkizunerako ez zela komenigarria desoreka hori. Hori, ordea, aprobetxatu daiteke beste diskurtso batzuk egiteko, eta guk beste era batera ikusten dugu kontua. 

Adibidez, eta hau datuetan oinarritutako iritzi pertsonala da, egia da ekonomiarentzat komenigarria dela emakumeek ere parte hartzea arlo maskulinizatu horietan, baina batez ere ona da gizartearentzat. Azken finean, zientzia eta teknologia egiten badituzte gizonezko zuri, maila ertain altukoek, ikuspegi patriarkalarekin, logikoa da gizartearen sektore asko baztertuta geratzea.


Zertan islatzen da hori egunerokoan?
Adibidez, medikuntza gizonezkoen eskuetan utzi izan da beti. Hori garbi ikusten da botiken merkaturatzean. Pertsonekin egiten diren probak lau fasetan banatzen dira: lehenengoan ikusten da zenbateko segurtasuna daukan, toxikoa den edo ez, bigarrenean eraginkortasuna, hirugarrenean neurtzen da dosia eta hortik, merkaturatu egiten da. Fase horietan guztietan, emakumeen parte hartzea gizonezkoena baino askoz txikiagoa da. Albo ondorioengatik erretiratzen diren botiketan, ia guztiak dira emakumeengan espero gabeko albo kalteak eragin dituztelako. Zergatik? ez direlako emakumezkoetan probatu. 

Albo ondorioengatik erretiratzen diren botiketan, ia guztiak dira emakumeengan espero gabeko albo kalteak eragin dituztelako.

Hau kasurik begibistakoena da, emakumeak populazioaren erdia garelako. Baina gauza bera gertatzen da zientziatik baztertuta dauden beste populazio talde askorekin ere. 


Hortaz, Emakume Zientzialarien Egunean aldarrikatzen dena ez da emakumeek zientzian jarduteko ahalduntzea soilik.
Emakume zientzialarien izenak ezagutzera ematea garrantzitsua da jendeak erreferenteak izateko, eta konturatzeko beraiek ere bide hori egin dezaketela. Baina hor ere hari mutur asko daude.

Zenbateraino da aproposa gizonen pareko arrakasta izan duten emakumeak eredutzat jartzea? Beraien arraka, bikaintasuna, Nobel sarien munda... ulertaraz dezake Olinpo horretan sartzen ez bazara, ez duzula balio.


Prestigioaren legeak agintzen al du zientzian? 

Bai, erabat. Herentziaz dator, sistema sortu zen XVII. eta XVIII. mendeetan, akademiak sortu ziren garaian. Sortu zuten familia oneko, gizonezko eta mendebaldarrek. Oinarri horien gainean egin da zientzia, hemen eta munduko beste lekuetan. Egitura horretan lekua izatea lortu duten emakumeak salbuespenak izan dira. Bikainak ez, jenioak ziren. Sistema horrek bultzatzen duelako jeniailtasuna eta hierarkia. 

Baina jenioa izateak esan nahi du azpian jende pila bat uzten duzula. Ikerketa, gainera, talde lana da. Adibidez, koronabirusari erantzuteko prozeduran garbi ikusten da hori: Txinan sortu da, baina mundu osoa dago horri emana eta nazioarteko talde pila bat elkarrekin lanean ari dira. Batzuk identifikatzeko zer eratako birusa den, besteak bere kode genetikoa deskodetzeko, tratamenduak sortzeko, prebentzio neurriak koordinatzeko, txertoa garatzeko... Beraz, jenialtasunaren parametro horrek gaur egun ez du balio.

Baina emakume zientzialarien izenak hedatzearen alde ere egiten da lan.

Emakumeei eredu bezala jartzea bakarrik Marie Curie eta horrelako emakume salbuespenezkoak, alde batetik ondo dago, ikustarazteko lehen ere izan zirela emakume zientzialariak, baina, bestetik, kontuz ibili behar dugu bultzatzen ari garenarekin. Guk ez dugu nahi, eta ez zaigu komeni horrelako espektatibarekin jokatzea. Bestela, sistemari arrazoia ematen ari gara eta iritsiko da momentu bat alboratuta geratuko garena. 


Guraize grafikoa izeneko infografia batek erakusten du zenbat emakume eta gizonek hasten duten karrera zientifikoa, eta zenbatek bukatzen duten. Abiapuntuan bien proportzioa elkarrengandik gertu dago, emakumezkoena pixka bat altuago. Adinean aurrera egin ahala, emakumeen proportzioa jaisten joaten da eta gizonena igotzen. Katedradun izatera iristen direnen artean, %80 gizonak dira eta %20 emakumeak. Bi generoak gurutzatzen diren puntua 30 urteren inguruan dago. Hain justu, familiarekin eta bizitza pertsonalarekin lana bateragarri egin behar izaten den adinean.

Ez zaigu komeni horrelako espektatibarekin jokatzea. Bestela, sistemari arrazoia ematen ari gara eta iritsiko da momentu bat alboratuta geratuko garena. 

 

Zein da horren azalpena?

Gizarteak sakrifizioaren kultura saritu egiten du, baina sakrifizioa eremu desberdinetan eskatzen zaie emakumeei eta gizonei. Gizonen kasuan sakrifikatuak izan behar dute karrera zientifikoan, eta laborategian pasa dezakete egunean 8 ordu baino askoz gehiago. Horrek ekarriko du albo batera uztea beste ardura batzuk, baina barkatu egiten zaio eta saritu egiten da hor egotea. Kontrakoa gertatzen zaie, aldiz, emakumeei. Sartzen baditu zortzi ordu baino gehiago lanean, eta horrek ekartzen badu, eta ekartzen du, familia edo zaintza lanak alde batera uztea, hori zigortu egiten du. Sistema patriarkal horrek berak ekartzen du bazterketa.

 

Oso hierarkikoa da sistema, gainera, lidergo postuetarako emakumezkoak beti gelditzen dira atzean, eta gizonezkoek aurrera egiten dute. Egin zuten ikerketa bat ikusteko zientzia arloetan noiz iritsiko ginen berdintasunera, eta kalkulatzen zuten 100 urte baino gehiago beharko zirela horretarako.

Hori kalkulatu al daiteke?

Bai, proiekzioak egiten dituzu ikusita gaur egungo erritmoa nolakoa den.

Azaldu berri dudana diskriminazio bertikala da, hierarkiaren bereizketa. Baina diskriminazio horizontala ere gertatzen da. Hori arlokakoa da, diziplina batzuetan emakumezkoen proportzioa asko igo delako (zaintzarekin eta osasunarekin lotutakoak) eta gizonezkoena, berriz, asko igo da informatikan. Orain gizonezkoak areagotzen eta emakumeak gutxitzen ari dira matematikan. Zergatik? Matematikariak behar direlako edozein enpresatan, datuak une honetan ekonomikoki oso baliagarriak direlako. Horregatik, matematikari izateak prestigioa irabazi du eta gizonezko gehiago hasi dira ikasten matematika. Prestigio eta soldata kontua da. Soldatak matematikan igo egin dira eta maskulinizatu egin da sektorea. Aldiz, desprestigiatzen eta soldatak jaisten ari dira feminizatzen ari diren arloetan.

Desprestigiatzeak dakar sektorea feminizatzea, ala alderantziz?

Biak aldi berean. Kausa efektua oso konplexua da. Unibertsitateek eta enpresa publikoek berdintasun neurriak hartzen dituzte, baina agerikoa da ez dutela funtzionatzen. Ikerketak egin izan dira aztertzeko non dagoen akatsa. Neurri asko hartzen dira, esaterako, uztartzeko familia bizitza eta lana, lidergo postuetara iristeko emakumeak, diskriminazio positiboa eta abar. Ohartu ziren lau parametro direlako eragiten dutenak: bizitza pertsonala, familiarra, soziala eta profesionala. Horietako bati mesede egiten diozunean, adibidez, familiarrari eta pertsonalari, jaisten da profesionala. Eta alderantziz. Oreka hori lortzea oso zaila da, eta horrek duen kostea izugarria da. Ez bakarrik emakumezkoetan, zer gertatzen da gizonekin? Gizonentzako bizigarriak dira ikertzaile bizitza horiek?

Nolakoa da ikertzailearen bizitza, bada?

Presentismoa ekartzen du, eskatzen du beti hor egon beharra, kongresuetara joan beharra nazioartera dena alde batera utzita, parentesi bat irekita zure bizitzan. Berdin da zer ari den gertatzen, kanpora joan behar duzu, eta egin egin behar duzu, kultura hori dagoelako. Horrelakoa bilakatu dugu ikertzaileen bizitza. Gainera, oso emana da artikulu zientifikoen produkziora, eta horrek mafia oso bat dauka atzetik. Artikulu horien arabera jasoko duzu edo ez dirulaguntza, gero jarraitu ahal izateko zure proiektuarekin. Prekarietate absolutua daukazu, estres handiko lanak dira alderdi horretatik, behin ere ez dakizu lortuko duzun edo ez jarraitzeko dirulaguntza, eta diru hori argitaratu duzun artikulu kopuruaren menpe dago.

Prekarietate handia dago, inoiz ez dakizulako lortuko ote duzun proiektuarekin jarraitzeko behar duzun dirulaguntza

Horrek guztiak presio handia eragiten die, ez bakarrik emakumeei, gizonei ere bai. Azterketen arabera, ikertzaileen erdiak esaten du dauzkatela antsietate eta depresio arazoak. Emakumeek, pixka bat gehiago. %80k arazoak dauzka bizitza pertsonala eta familiarra bateratzeko lanarekin. Herenak, berriz, tratamendu bat jasotzen du. Orduan, ikusten da sistema bera ez dela osasuntsua, ez da bizigarria inorentzat.

Horregatik, esaten denean emakumezkoetan bokazioa piztu behar dela, ikusita zenbat zailtasun jartzen dizkien sistemak aurrera egiteko, eta ikusita benetan zein den ikerlarien egoera... Nik uste dut lehenengo sistema bera eta arrakastaren definizioa konpondu behar direla. Argi izan behar dugu zer den lortu nahi duguna, non jartzen dugun espektatiba eta zerk inporta digun benetan. Helburuak ez du izan behar %50 emakumea izatea arlo guztietan. Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunean nik hor jarriko nuke fokoa: sistema zientifikoak dituen arrakaletan. Genero arrakala oso ebidentea da, baina horren atzean dagoena oso konplexua da, aspalditik dator eta ez goaz bide onetik. Hori agerian jartzea da garrantzitsua.