Udalak "egoera aztertzeko eta hartu beharreko bidea zehazteko" eskatu dio Kosta Zuzendaritzari

Izaro Altzibar 2020ko ots. 12a, 15:02
Xabier Txurruka alkatea gaur goizeko prentsaurrekoan. (Erlo Telebista)

Xabier Txurruka alkateak esan du moila zaharkituta dagoela, eta kanpotik babestuko duen egitura bat egitea dela udalaren nahia.

Xabier Txurruka alkateak prentsaurrekoa eman berri du portuan gertatutako ezbeharraren harira. Marearen jaitsierarekin batera, udal brigadak, moila barruan zeuden hiru txalupak atera ditu bateleroen laguntzaz, kalte ezberdinekin. Hainbat herritar ere hurbildu dira, bertatik bertara ikustera. 

Alkateak jakinarazi du Zarauzko Udalak idatzi bat helarazi duela Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzara, "egoera aztertu eta hartu beharreko bidea zehaztu dezan". Moilaren jabetza Kosta Zuzendaritzarena den heinean, une honetan udala erantzunaren zain dagoela adierazi du Txurrukak.

Horrez gain, arduratuta azaldu da itsasoak datozen orduetan zein egunetan eragin ditzakeen kalteen aurrean. "Gure esku dagoena egin dugu, eta sarbidea itxi dugu", nabarmendu du.

Eskoilera baten aukera

Alkateak gogora ekarri du Zarauzko moila 1865. urtean eraiki zela, eta 2014. urtean ere enbatak hainbat kalte eragin zizkiola portuari. Gaurkoan, duela sei urteko konponketak hautsi ez diren arren, beharrezkoa iruditzen zaio udalari presazko proiektu bat abiatzea.

Txurrukaren hitzetan, "portua zaharra dago, pitzaduraz beteta, eta beti gaude puskatuko denaren kezkarekin". Asmoei dagokionez, udalak moila kanpotik babestuko duen eskoilera bat egitea nahiko lukeela adierazi du alkateak: "Portuaren xarma mantendu, kanpotik babestuko duen egitura bat eraikiz. Harri sendoagoak behar ditugu, urtetik urtera gogorragoak diren olatuei aurre egiteko".