Ikasurolakosta orientazio bitartekaritza zerbitzua abiatu dute Zarautzen

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 13a, 09:43
Ikasurolakosta zerbitzuaren aurkezpena.

Ikaslan Gipuzkoa sareak kudeatuko du, eta herritar bakoitzaren interesak eta beharrak kontuan hartuko ditu . Zarauzko Gazte Informazio Bulegoan eskainiko dute aholkularitza zerbitzua.

Ikasurolakosta eskualde mailako ikaskuntza bitartekaritza zerbitzua jarri dute martxan Zarautzen, bizialdi osoko prestakuntza eta ikaskuntza Urola Kostako herritar guztiengana hurbiltzeko asmoz. Gipuzkoako Lanbide Heziketako 27 ikastetxe biltzen dituen Ikaslan Gipuzkoa sareak kudeatuko du, baina Zarauzko Gazte Informazio Bulegoan eskainiko dute formazio eta orientazio bitartekaritza zerbitzua. 

Arduradunek aurkezpenean azaldu zutenez, herritar guztiei bideratutako zerbitzua izango da, “baina gizarte egoera ahulean dauden eta ikaskuntza-zirkuituetatik urrun dauden pertsonengan arreta berezia jarri nahi dugu”. Irene Dolara Balanzategi izango da Ikasurolakostako aholkularia, eta ahalik eta zerbitzurik egokiena eskaintzeko, aldez aurretik hitzordua hartu beharko dute herritarrek. 

Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Lourdes Salsamendiren iritziz, “hemendik aurrera, herritarrek enplegu eta prestakuntza arloetan izan ditzaketen beharrak asetzeko moduan izango gara eskualdean». Izan ere, orain arte udal elkarteak lan bila edo lana hobetu nahian zebiltzan herritarrei ahokularitza pertsonalizatua eskaintzen zien, baina etengabeko prestakuntzara bideratutako zerbitzu trinkorik ez zegoen. 

“Herritarrengandik gertu”

Ikasurolakostaren bereizgarri nagusia kokapena izango da. Gipuzkoako gainontzeko eskualdeetan Ikaslan sareko Gipuzkoako ikastetxeetan eskaintzen da formazio eta orientazio aholkularitza, baina Urola Kostako zerbitzua Zarauzko Gazte Informazio Bulegoan jartzea erabaki dute, “herritarrengandik gertu egon nahi baitugu”, azaldu zuen Monte Albertia Ikastetxeko zuzendari eta Ikaslan Gipuzkoa sareko lehendakariorde Nora Amorenak. Zarauzko Udaleko Euskara, Kultura eta Hezkuntza batzordeburu Irune Urbietak ere aholkularitza zerbitzua herrian izatearen garrantzia azpimarratu zuen aurkezpenean. 

Informazio praktikoa

Zerbitzuaren funtzioak:

  • Herritarren interesak eta beharrak kontuan hartuz, ikaskuntza aukeren inguruko informazioa.
  • Kualifikazioen profesionaltasun ziurtagirien akreditazioa eta Lanbide Heziketa sistemaren informazioa eta orientazioa.
  • Atzerriko tituluak homologatzeko egin beharreko urratsen inguruko informazioa.

Bulegoko ordutegia:

  • Astelehen eta asteazkenetan: 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.
  • Asteartetan eta ostegunetan: 08:30etik 15:30era.
  • Ostiraletan: 09:30etik 14:30era.

Hitzordua hartzeko:
Ikaskuntza bitartekaritza zerbitzua jasotzeko hitzordua hartu behar dute herritarrek 645-284 300 zenbakira deituta edo ikasurolakosta@ikaslangipuzkoa.eus helbidera idatzita.