Txistua beste doinu batzuetan

Xabier Zabala, Garikoitz Mendizabal eta Kaabestri hari boskotea

‘Bidean’ emanaldia eskainiko dute Xabier Zabala, Garikoitz Mendizabal eta Kaabestri hari boskoteak; Miren Fernandez izango dute artista gonbidatu. Txistua eta eskusoinuaren fusioan oinarritutako kontzertua izango da.

Xabier Zabalak bere ibilbide luzean zehar txisturako sortu dituen obrak biltzen ditu Bidean emanaldiak. Igandean, 18:30etik aurrera izango da kontzertua, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, eta sarrera doakoa izango da.


Emanaldiaren berezitasuna txistua eta eskusoinuaren nahasketa berritzailea da. Horiekin batera, Kaabestri String Ensemble hari boskoteak (bi biolin, biola, txeloa eta kontrabaxua) Zabalaren konposaketekin bat egiten du, erritmo, doinu, eta estetika berezia gorpuztuz. "Kaabestri hari boskoteak garrantzi izugarria du konposaketan", nabarmendu du Garikoitz Mendizabal txistulariak. Miren Fernandez artista gonbidatuak ahotsa gehituko die doinuei.


Txistua izango da kontzertuko protagonista nagusia, eta ibilbide luzeko Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarrak joko du. Xabier Zabala, bere aldetik, esku soinuaz eta pianoaz arduratuko da. Mendizabalen hitzetan, "emanaldi honek osagai hunkigarri asko biltzen ditu, ibilbide luze baten laburpena da, Xabier eta nire arteko hartu-emana dela medio".


Azpeitikoa ematen duten zortzigarren kontzertua izango da. Printzipioz, aldaketarik ez bada, denboraldiko azkena abuztuan emango dute, Lekeition. Hala ere, emanaldiak eskaintzeko aukera gehiago sortzea aurreikusten du taldeak.