‘Matriuska’-k hasi du bidea

Aitziber Arzallus - Gipuzkoako Hitza 2020ko ots. 14a, 09:24

Donostiako Poltsiko Antzerkiaren 29. Jaialdian "oso harrera ona" izan du Amancay Gaztañaga eta Iraia Eliasen Azken lanak. Antzezlana zabaltzeko lanean ari dira orain.

Hilabetetako lanaren emaitza lehendabiziko aldiz jendaurrean erakutsi aurretik “beti izaten diren zalantza eta beldur horiek” uxatu dituzte Amancay Gaztañagak (Guayaquil, Ekuador, 1980) eta Iraia Eliasek (Zarautz, 1980), estreinatu baitute dagoeneko euren azken sorkuntza lana: Matriuska. Lehen emanaldia hilaren 2an egin zuten Donostiako Egia auzoko Le Bukowski aretoan, eta Igeldoko Itsas Aurre kultur etxean ere izan dira harrezkero. “Oso pozik” daude publikoaren erantzunarekin, bi lekuak “erabat” bete direlako, Gaztañagaren arabera. Gaur eta bihar beste bi emanaldi dituzte, horiek ere Donostian. Gaurkoa, Martuteneko Etxarriene auzo etxean izango da, 20:00etan; eta biharkoa, Bidebietako Kontadores aretoan, 19:00etan.

Donostiako 29. Poltsiko Antzerkiaren Jaialdian hasi du ibilbidea Matriuska antzezlanak, sortu ere jaialdi horren barruan antolatu duten X. Poltsiko Sorkuntza lehiaketan sortu dutelako. “Iraiak aspaldi komentatu zidan bazeukala ideia bat bakarrizketa baterako edo”, gogoratu du Gaztañagak. “Ideia hura beste beka batera aurkeztu zuen, baina ez zioten eman. Orduan jakin genuen lehiaketa hau zegoela, eta erabaki genuen ideia hari beste buelta bat ematea eta aurkeztea”.

Emakumeen gaiak emakumeen ikuspuntutik jorratzea gustuko dute bi sortzaileek, eta antzezlaneko edukiez ezer aurreratu nahi ez duten arren, arrastoren bat eman du zestoarrak. “Matriuska komedia bat da, baina gai oso serio batez hitz egiten du: emakumeontzat erreferente diren emakumeez, hain zuzen. Guk ditugun eredu guztiak gizonezkoenak dira, eta horrela lan egiten ikasi dugu; baina hori ez da gertatu gure aurretik emakume eredugarririk egon ez delako, hori gertatu da emakume horiek ezkutatu egin dituztelako”.

Beraz, antzezlanean saiatuko dira eredu diren emakume horiek non dauden eta nolakoak diren bistaratzen. “Historia emakume handiz beteta dago, eta indartsu egiten gaitu haiei buruz jakiteak, ereduak izateak eta barrua beste emakume batzuez beteta daukagula konturatzeak”. Hortik sortu da antzezlanaren izena, matrioxka panpinak ere euren artean desberdinak diren emakumez beteta dauden emakumeak direlako.

Erreportajea osorik irakurri daiteke Gipuzkoako Hitza atarian.