Asier Serrano: "Gure belaunaldiko zati bati eginiko omenaldia da Loreleiren itzulera"

Aritz Mutiozabal 2020ko ots. 14a, 12:52

20 urteko etenaren ostean, agertokietara itzuli da Lorelei, eta gaur Modelo aretoan izango da, 22:00etan. Asier Serrano abeslariak (Eibar, 1975) azaldu du "oso eroso" sentitzen ari dela taula gainean.

Bazirudien Lorelei oroimenaren kutxan gordeta zegoela, baina urte bukaeran ezustekoa eman zenuten, taldea berriz elkartzen zela iragarriz. Nola egosi duzue itzulera hau?
Ez dakit momiak deshobiratzen ari diren garai honetan guk ere behar hori ote genuen. Urteetako borroka izan da gure arteko iritzi eta irizpide ezberdinen artean, eta nik nahiko urruti ikusten nuen balizko itzulera hori. Dena dela, urteak aurrera joaten dira eta samurtu egiten da memoria, nostalgiko bihurtzen gara eta abuztuan-irailean elkartu ginen pausoa emateko. Bagenekien orain ez bazen, ez zela izango inoiz. Kontua zen itzulera nola egin eta zer formatutan, zer eskainiz... Kontzertuena gutxienekoa da, abentura berria izan baita gakoa. Eta abentura berri hori da lur azpitik ateratzeko prozesua. Gero, kontzertuek esango digute Lorelei gaixoa bizirik dagoen. Taldekide bakoitzak badu bere motibazioa itzultzeko, eta kontzertu hauekin segitzeko. Hau da aldarrikapen bat, bigarren aukerei emandako bide bat; oraingoz ez gara damutu.

Orain izan dela momentua nabarmendu duzu. Nork eman du lehen pausoa, Mikel Gorosabel Nortonek ala zuk zeuk?
Lorelei desagertzearen pausoa biok eman genuen, eta berriz agertzearena ere biok eman dugu. Egia da bi urtean behin telefonoaren bestaldean izaten zela zurrumurru hori. Beti esan izan dugu jarraitzaileek itzultzeko eskatzen zigutela, eta ezetz esaten genuelako galdetzeari utzi diotenean, gu izan gara geure buruari galdetzen hasi garenak. Nik bizitzaren garai oker bat bizi izan dut eta behar nuen halako ukendu bat. Nire motibazio pertsonala hori izan da. Musikak eta literaturak beti lagundu izan didate arazoetan sartzen eta horietatik ateratzen. Argi geneukan duela hogei urte jarraitu izan bagenu ez ginela hemen egongo, bizitzak edo heriotzak beste bide batzuetara eramango gintuela. Orain ikusi dugu badela diagrama bat, eta, adinarekin eszenatokiaren sinesgarritasunarekin bat egin dugula. Beti garbi izan genuen Loreleirekin egindako abestiak iraungitze data luzekoak zirela. Lehengoan, Harkaitz Cano Andoaingo kontzertuan izan zen, eta bere arabera, badirudi duela 20-25 urte konposatutako abesti horiek orain eskaintzeko sortuak izan zirela.

Bere garairako aurrerakoiak?

Aurrerakoiak baino iraungitze data luzeko konposizioak dira,  doinua gora doinua behera, gaurkotasun bati erantzuten diotenak. Pop liriko horretan badira memorian iltzatuko arantza horiek.

Belaunaldi bateko jendea asko poztu da itzulerarekin. Belaunaldi gazteagokoei, aldiz, arrotzagoa zaiei zuen proiektua. Horren inguruko hausnarketarik egin al duzue?
Banitatearekin zerikusia duen kontu bat da Loreleiren itzulera. Geure buruari ustez zor genion proiektua da, geure erosotasunerako, geure arantza guztiak kentzeko, hain zuzen ere. Bada aspaldiko etxe batera itzultzea, eta hor betiko familiarekin enkontru bat egitea, geure belaunaldiko familiarekin. Orduan,  bada gure belaunaldiko zati bati eginiko omenaldi bat. Ez dakit publiko berria konkistatu edo limurtuko dugun. Oraindik ez diogu termometroaren puntua hartu honi guztiari. Zarauzkoa gure hirugarren kontzertua izango da, eta, ondoren, laugarren bat dugu iragarrita Lekeition. Nolabait ere, izango da publikoan ikusi ditugun aurpegi horiek identifikatzeko ordua. Eta ea merezi duen! Gure aldetik, izango da era intimo batean gure kutxa pribatuan gordeta geratu ziren abesti horiek plazaratzeko, eta ikusiko dugu nahikoa daukagun horrekin. Ez gatoz lur berriak konkistatzera, eta lur berriak konkistatzera baldin bagatoz, izango da beti geure barruan egon diren lur horiek konkistatzeko, geure baitako labirinto horiek.

Nolako Lorelei ari da igotzen taula gainera? Duela 20-25 urteko bera topatu duzu ala beste bat da?
Bakoitzak bere bidea egin zuen, eta bakoitzak bere espazioa, bere gune intimoa bilatu zuen beste oholtza batzuetan. Ni oso haserre atera nintzen, baina ez musikarekin, ezta sormen lanarekin ere; izan ere, gero bakarka hiru disko grabatu nituen, eta literaturaren maitale hori izatera itzuli nintzen berriro. Taulara igotzeak badauka bere konpromisoa. Nik ez dut gogoan nire ahotsa, ez dut ezagutzen duela 20 urte Loreleirekin abesten nuenean. Orain ezagutzen dut, eta sendoa iruditzen zait, ez bakarrik ahotsa, baita gitarren tonua ere. Beraz, ardoari ontzen utzi diogu. Ardoa berdina da, baina etiketa aldatu egin diogu, halabeharrez. Horitu egin zaigu azala denboraren poderioz. Oinarrian, sendotasun hori badu. Ni oso eroso sentitzen naiz, eta konfiantza hori behar nuen.

Bada oraindik hiri gorri bat?
Bada oraindik, bai. Orduan ez genuen ezagutzen hiri gorria, ez genituen ezagutzen bertako kale ezkutu guztiak. Orain ezagutzen ditugu, eta askotan alde eta ihes egin dugu handik. Orain, gai gara autobusa hartzeko eta berriro ere hiri hori bisitatzeko. Uste dut orain dela momentua, inolako herrarik gabe, amorrurik gabe, hiri gorria bisitatzekoa.

Kontzertu biraren ondoren Loreleik jarraituko du ala hau  agur baten hasiera da?
Ez dakit zeren bila gabiltzan. Ez dakit hileta duin baten bila gabiltzan, bere garaian eman ez geniona. Abar Produkzioak etxeak lagundu digu itzulera honetan, eta aurreko astean, Eibarko kontzertuan, bildu gintuzten geure asmoen berri jakiteko. Gutako hiruk argi zeukaten jarraitu nahi zutela, eta batek zalantzak zituen. Terapian dagoen horrek ditu bere zalantzak. Materiala badago, baina niri oso arrotza egiten zait gaur egungo musikagintza. Izugarri hedatzen diren proiektuak agertzen dira,  belaunaldi berrienak eta oso erakargarriak. Ez dakit gure lekua den haien ondoan egotea. Beraz, badago hausnarketa pertsonal bat horren inguruan.