Jose Mutiozabal Pepe Txabillo zendu da gaur goizaldean, 89 urte zituela; bihar izango zen bere urtebetetzea. Azken urteetan pattal samar zebilen arren, ez zuen inoiz umorerik galtzen, eta beti egiten zuen bat bere buruhandiekin eta erraldoiekin.
Hamar urterekin hartu zituen lehenengoz buruhandia eta maskuria. Hamazazpi urte inguru zituela hartu zuen erraldoia sorbalda gainean, eta handik urte gutxira, taldearen arduradun bihurtu zen. Bizitza osoa eskaini du zeregin horretan. Gaur egun, Oskar Mutiozabal semak hartua du bere lekukoa. Hala eta guztiz ere, Pepe Txabillok ez zuen galtzen hitzordurik, eta kalejira zegoen bakoitzean hantxe agertzen zen erraldoien alboan ibilbidea haiekin egiteko.
2018an, aitortza bikoitza jaso zuen San Pelaio bezperan, ekainaren 25ean. Alde batetik, elkarte gastronomikoek erraldoien eta buruhandien taldeari San Pelaio Makila eman zioten, eta bestetik, Zarauzko Udalak Pepe Txabillori eskaini zion festen hasierako banderaren igoera egiteko ohorea. Horrez gain, haren omenezko bosgarren erraldoi bat sortu zuen.
Hileta elizkizuna astelehenean izango da, 19:00etan, Andra Mari Zeruratzearen parroki elizan.