Dagoeneko 300 manta bildu ditu Hotz Zarautzek

Aritz Mutiozabal 2020ko ots. 15a, 14:30
Hotz Zarautz elkarteko kideak mantak jasotzen. (Aritz Mutiozabal)

Hasieran finkatutako helburuak aise lortu dituzte, baina bilketarekin jarraituko dute Salvamento Maritimo Humanitariok "behar handia" duelako. Gaur arratsaldean eta bihar egun osoan izango dira Gipuzkoa kaleko 32 zenbakian.

Salvamento Maritimo Humanitariok 200 manta behar zituela eta, Hotz Zarautz pertsona errefuxiatuen aldeko elkarteak deialdi berezia egin du, eta gaur eta bihar mantak jasotzen ariko dira Gipuzkoa kaleko 32 zenbakian. Momentuz, gaur goizeko txanda egin dute, eta "oso ondo" joan dela nabarmendu dute elkarteko kideek. Jende pila bat pasatu da lokaletik eta hasieran zehaztutako helburuak aise bete dituzte, dagoeneko 300 mata inguru jasota. "Gelditu gabe aritu gara 11:00etan zabaldu dugunetik", aditzera eman dute.

Finkatutako kopurua lortu duten arren, Salvamento Maritimo Humanitarioko ordezkariek eskatu diete ahalik eta gehien biltzen jarraitzeko. "Izan ere, erreskatatu dituzten azken errefuxiatuekin ezertxo ere gabe geratu dira, eta gero eta gehiago bildu haientzat hobe da. Behar handia baitute", argudiatu dute Hotz Zarauzko kideek. Une honetan, mantak tamainaren arabera sailkatuta dituzte poltsa handietan.

Lorain enpresak 50 mata emango dizkietela azaldu dute elkarteko boluntarioek. Bestetik, mantez gain, plastiko sendozko edalontzi berrerabilgarriak jasotzeko ere eskatu diete SMHk, eta Nafarroako enpresa batek 200-300 edalontzi eman dizkiete doan.

Herritarrak ongi erantzuten

Jendea gaiarekin oso kontzientziatuta dagoela iritzi diote: "Zarautzen beti erantzuten dute ongi herritarrek. Gabonetan jarri genuen bigarren eskuko azokan ere ia 24 mila euro atera genituen hiru astean, jada partituak ditugunak gure lau proiektuetan: Salvamento Maritimo Humanitario, Zaporeak, En Red SOS Refugiados eta Cafe Ritzi, bakoitzari seina mila euro"

Bilketarekin gaur arratsaldean jarraituko dute, 17:00etatik 20:00etara, eta bihar egun osoan, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Gainera, mantak ekartzeagatik Kafe Lauok-en txokolate bero bat hartzeko parada eskaintzen dute, kafetegiaren beraren ekimenez.