Rip Curl Santa Marina Challenge txapelketa irabazi du bigarren urtez Aritz Aranburuk

Zarauzko Hitza 2020ko ots. 16a, 14:25
Aritz Aranburu txapeldunaren sariarekin, alboan Gony Zubizarreta, Eneco Acero eta Pablo Gutierrez dituela. (Edu Bartolomé/Comunica Surf)

Puntuazio historikoa lortu zuen surflari zarauztarrak atzo Loredon (Kantabria, Espainia) jokatuko lehian, hamar puntutako hiru olatu erdietsita.

Finalean lau metroko olatuak menderatuz eta hamar puntuko hiru olatu historiko lortuta, Aritz Aranburuk Loredoko (Kantabria, Espainia) Rip Curl Santa Marina Challenge surf txapelketa irabazi zuen atzo. Gisa horretan, iaz lortutako garaipena berretsi du surflari zarauztarrak; bi aldiz antolatu dute orain artean, eta bietan izan da nagusi Aranburu.

Gony Zubizarreta galiziarra, Eneko Acero getxoztarra eta Pablo Gutierrez kantabriarra izan zituen aurkari finalean, baina zarauztarrak bere lanean murgildu zen buru-belarri, eta sekulako erakustaldia eskaini zuen hasiera-hasieratik puntuazio handiko olatuak hartuta.

Saioa hasi eta hamar minutura, "surfean egiteko baldintza perfektuak" jarri zirela nabarmendu du Aranburuk, eta, ondorioz, asko gozatu zuela. "Gainera, uretatik atera nintzenean esan zidaten hamar puntuko hiru olatu hartu nituela, eta benetan haluzinatu egin nuen. Ez dut uste sekula halakori lortu dudanik txanda batean".

Aritz Aranburu Santa Marinako olatuan. (Edu Bartolomé/Comunica Surf)